Suediako STV telebistako bi kazetari 1963an Euskal Herrian barrena ibili ziren herrietako ohiturak eta bizimodua grabatzen. Herri kirolen berri emateko, Aian izan ziren eta, orduan grabatutakoarekin eta beste hainbat herrietako irudiekin bi erreportaje labur egin zituzten. Bi erreportaje horietan, joaldunak, trikitilariak, dantzariak, txalapartariak, pilotariak eta beste hainbat ofizioetako irudiak azaltzen dira.
Aiako irudietan plaza bete jende ageri da, idi-demak, harri-jasotzea eta ahari jokoak ikusten. Besteak beste, hauek azaltzen dira: orduango alkatea Blas Odriozola, Jose Antonio Lopetegi Agerre II –Julen Lopetegi futbol entrenatzailearen aita– eta Luis Atxega harri-jasotzaileak, Joxe Migel eta Benito Maiz korrikalariak, Benito Aldai ahari-jokozalea eta beste hainbat eta hainbat aiar. Grabazioak urtarrilean eta otsailean izan zirela kontuan hartuta, esango genuke, San Anton eguna edo ospatzen zela egun horretan Aian.
Dokumental horiek, Argibel Euba etnografoak topatu zituen, kasualitatez, bere doktore tesia egiteko lanean ari zela. EHUko Mikel Laboa katedrari esker, Basker. 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak lana egin du Eubak, eta liburu batean eta DVD batean bildu du. DVD eta liburua salgai daude, EHUko webgunean.