Txanponaren bi aldeak

Aitziber Lizarralde 2016ko urr. 3a, 10:11

Denboraldia amaitu eta taldeen arteko arraunlarien enkantea hasten da: nork non jarraituko duen, nor etorriko ote den, zenbat eskaini dioten...

Duela bi aste pasatxo, irailaren 11n zehazki, urteko egun polit eta garrantzitsuenetariko bat izan zen oriotar ororentzat: Kontxako banderaren bigarren igandea. Festa giroa nabarmena zen, goiz-goizetik, gure arraunlariei babesa emateko eguna zen eta. Gauean ere festak Orion jarraitu zuen, arraunlariak ere batu ziren parrandara eta agur esan zioten 2016ko denboraldiari. Orain, ordea, azken urteetan garrantzia handia hartu duen momentua hasten da, balorazioak eta fitxaketa berriak egiteko garaia. Eta, pertsonalki, hartu duen garrantzia ez dut batere gustuko.

Arrauna ere kirola da, gaur egungo gizartearen adierazle bihurtzen ari dena. Herri arteko apustu bezala hasitakoa asteburuetako audientziarik handienak dituen lehiaketa bihurtu da. Eta horrek, nire ustez, alderdi negatibo asko ditu. Batzuk azpimarratu nahiko nituzke.

Lehen esan bezala, denboraldia amaitu eta taldeen arteko arraunlarien enkantea hasten da: nork non jarraituko duen, nor etorriko ote den, zenbat eskaini dioten… bai, bai, diruaz ari gara, ez baita askotan aipatzen arraunlariek –gehienbat mutilek– jasotzen dutena, poltsikoa goxatzen duen txin-txin soinu hori. Honekin ez dut inondik inora esan nahi merezi ez edo merezi dutenik, baino bai honek guztiak arraunaren oinarrizko esentzia galtzera bultzatzen duela, hau da, koloreak jada sentimenduetatik urrun daudela.

Zenbaki asko egoten dira dantzan, talde batzuk beste batzuk baino gaitasun ekonomiko handiagoa dute eta, noski, hori arraunlarien mugimenduetan antzematen da. Batzuetan arraun klubek ere beren taldearentzat interesgarri ez diren arraunlariei kanpora mugitzen eta arraunaz disfrutatzen utzi beharrean, oztopoak jartzen dizkiete, hurrengo denboraldian gertu edukitzeko, ilusioz entrenatzen duten gazte kuadrilla bat dela ahaztuta.

Mutilez ari naizela dirudien arren, gauza baten beldurra daukat, aipaturiko egoera eta arrauna ulertzeko modu hori nesketan ere zabaltzea. Taldeen arteko fitxaketetan, nahiz eta eskaintza ekonomikorik ez egin, arraun egiteko kondizio berezien eskaintzak egon badaude. Nire ustez, nesken artean dagoen lehiak zentzu batzuetan orain arteko arraunaren esentziari eusten dio. Herrikoak direnek eta herri bertakoak ez direnek ere koloreak sentitzen dituzte, taldekideak lagun bihurtu eta emaitza guztien gainetik taldea jartzen dutenak direlako, baina hemen ere pixkanaka zabaltzen ari da merkatu beltza.

10 hilabete dira entrenatzen ibiltzen direnak, 900 bat ordu guztira­­ izerdia botaz pasatzen dituztenak, eta hori denboraldi amaieran banderarik edo trofeorik ez badago denboraldi eskasa izan dela entzuteko. Hasi bezala bukatzen dute denboraldia, esfortzua eta pasa dituzten entrenamendu orduak inork apreziatu gabe, derrota sentimenduaz beterik.

Badakit dagoeneko zaila dela hasieran zuen herrimin eta lagunarteko jolasa berreskuratzea, zaila talde hobea lortzeko interesetan herrikoak ez diren arraunlariak nahi ez izatea, zaila dirua alde batera uztea, baina ez da ezinezkoa lehengo arraunaren berezitasunei era batera eustea; izan ere, ez al da ederra koloreak eramateaz gain, koloreak sentitzea?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide