Ikasturte berrian, eskola berria

Karkara 2016ko ira. 9a, 08:14

Ate irekien jardunaldia izango da bihar, larunbatarekin. Goizeko 12:00etatik eguerdiko 14:00etara eskola berria ezagutzeko aukera izango da.

Berri usaina du Aiako Lardizabal Ikastolaren eraikin berriak. Nola ez, hala baita: berria. Berritasunaren usaina, argitasuna eta garbitasuna ditu. Hormak garbi-garbiak, markarik gabeak; komunak ia ispilu, dir-dir egiten dunak; espazio asko hutsak, bizitzarik gabeak. Eta, hain zuzen, datorren astelehenean hartuko dute bizitza eskola berriko korridoreek, gela zabal eta lasaiek. Eraikin hau hotza da. Baina astelehenetik aurrera, haurrak etortzen direnean, geure egingo dugu, dio Belen Zabala eskolako zuzendariak. Orduan hasiko gara gure izaera ematen eskolari.

Astelehenean HHko ikasleak izango dira eskola estreinakoz erabiliko dutenak, 51 guztira. Obra esandako denboran egin dute, epeak bete dituzte. Ikasturte hasierarako Haur Hezkuntzakoen zatia prest egongo zela esan ziguten eta horrela izan da.

HHko maila bakoitzeko ikasgela bat dago. Bost urtekoek ikasgela bat dute, lau urtekoek beste bat, hiru urtekoek beste bat eta bi urtekoek beste bat. Bakoitzak bana. Ikasgela guztiek balkoiaren aldera ematen dute, beraz, balkoiak elkartzen dira. Horrez gain, 5 urtekoen eta 4 urtekoen gelak elkar komunikatzen dira komunen bitartez, baita 3 urtekoen eta 3 urtekoen gelak ere. Espazio handiko gelak dira. Handiak eta argiak. Aian inguru zoragarriak dauzkagu eta horien argitasunari probetxua atera diote. 

Poz ikaragarriz mintzatu da Zabala. Bera oso pozik dagoela aitortu du, baina ez bera bakarrik, irakasle guztiak zoratzen daudela dio. Oporretatik bueltan eraikin berrira lanera joatea ez zaiela pisutsua egin gaineratu du, jostailu berri bat oparitzen dizuetenean bezala daudela, ilusioz gainezka.

Urritik aurrera, jangela ere han

Oraindik azken zertzeladak falta zaizkion arren, erabilgarri dago eskola. HHko ikasleek eskolaz %100ean gozatzeko sukaldea jartzea da. Urrian ekarriko dizkigute sukaldeko tresnak. Ekarri bezain pronto prestatuko dugu jangela. Orain arte eraikin batetik bestera joan behar izaten zuten txikienek bazkaltzera. Urritik aurrera ez dute batetik bestera ibili behar izango, gelatik atera eta parean edukiko baitute jantokia. Horrek lasaitasun asko ematen dietela aitortu du Zabalak.

Eraikina Gabonetan beteko da

LHkoen zatia, goian dagoena, Gabonetako oporretarako prest egongo dela azaldu du zuzendariak. Orduan etorriko dira Lehen Hezkuntzako ikasleak eraikin honetara. Aurten 85 ikasle izango ditugu maila horretan. 

Ateak beti zabalik

Larunbat honetan zabalduko ditu ateak Aiako Lardizabal Eskolaren eraikin berriak. Orduan izango dira ate irekien jardunaldiak, 12:00etatik 14:00etara. Dena den, Zabalak argi utzi nahi izan du Aiako eskolako ateak beti egongo direla zabalik. Edonork beste momenturen batean etorri nahi badu, beso zabalik hartuko dugu. Orain arte bezala, hemengo ateak parez pare zabalik egongo dira.

Ateak ez ezik, eraikineko gela bat herritarren eskura egongo da. Herritarrek espazio hori erabili ahal izango dute libre dagoen bakoitzean. Honela, herrian antolatzen diren hainbat ekitaldi bertan egin ahal izango dira: bilerak, hitzaldiak... Aukera hori izatea, biek erabiliko duten gunea edukitzea, oso positiboa iruditzen zaio zuzendariari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide