Pagoeta ezagutzeko aukera sorta zabala prestatu du parketxeak. Argizarizko laberintoak, Agorregiko burdinola eta ur errotak, Iturraran parketxea, talo tailerrak eta lorategi botanikora bisitak antolatu dituzte, besteak beste.
Argizarizko laberintoak
Erleen mundua ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte, Iturrarango Erlategi Didaktikoko erlauntzen irekiera eta guzti. Udako jai egun eta asteburu guztietan egingo dituzte bisita horiek, 13:00etan hasita. Ordu bateko iraupena du bisitak. Helduentzat 3 euroko kostua izango du eta haurrentzat bi eurokoa.
Bisitariak erlategiak ezagutzeko aukera izango du. Arrautzak, larbak eta erle langileak ikusiko dituzte, baita eztia sortzeko prozesua ere, polenetik hasita.
Agorregiko burdinola eta ur errotak
Bisita gidatu honen helburua gure arbasoen lanbideetako bat ezagutzea da. Agorregiko burdinoletan eta ur errotan nola lan egiten zuten ikasten da, baita erreminta horien funtzionamendua ere. Bisita horiek uztailean eta irailean larunbatetan eta igandeetan egingo dira; abuztuan ostegunetik igandera. 11:30ean hasiko dira bisita horiek.
Talo tailerrak
Agorrekiko errotan taloa egiteko aleak xehetu daitezke. Hori ikusteko eta egiteko aukera dago. Eta, noski, behin aleak bilduta, taloa egiteko eta txistor mutur batekin dastatzeko aukera ere badago. Uztailan eta abuztuan goza daiteke bisita horretaz, hainbat egunetan. Asteburu honetan, esaterko, tailer hori martxan izango da.
Iturraran Parketxea eta lorategi botanikoa
Interpretazio-zentroa du Iturraranek, baita XVIII. mendeko baserria ere. Hortaz, bi eraikin horietan jaso al izango da bertako lanbideen, baserrien, ingurune naturalaren eta bizimoduen gaineko informazioa.
Lorategi botanikoa ere badu, bisitatu daitekeena. Momentu honetan 25 hektarea ditu, horietako 10 hektarea bertako zuhaitzenak dira. Zuhaitzez gain, Euskal Herriko landareen bilduma ere badago. Lehen landaketak 1986ko neguan egin ziren eta urtero espezie berriak gehitu izan zaizkio bildumari. Bertako mikroklimari esker, mundu guztiko landareak alda daitezke, leku hotzetakoak zein epeletakoak. Lorategia 8 gune handitan banatua dago eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu.
Iturraran parketxea eta lorategi botanikoa egunero daude zabalik, 9:00etatik 19:00etara.