Erraustegiagatik arduratuta, talde bat bildu da Aian

Karkara 2016ko eka. 24a, 09:40

Zubietan eraiki nahi duten erraustegiari kontra egiteko bildu da aiar talde bat. Asmoa erraustegiaren eraginaren berri ematea da, aiarrak informatzea. 

Zubietan eraiki nahi duten erraustegiak izan dezakeen eraginaz arduratuta daude Aian. Herri mailan gaiari buruz informatzeko foro baten beharra ikusten zutenez, lehen urratsa berak ematea erabaki zuten. Talde bat osatu eta gaiaren inguruan hitz egiteko eta informazioa zabaltzeko ari dira lanean.  Zintzotasunez eta datu objektiboetan oinarrituta informatu nahi dute.

Horretarako, herri mailan informazioa zabaltzeko, ekimenak antolatu dituzte. Ekimen horiek martxan jartzeko herritar talde bat elkartu da eta GuraSOS ekimenak aipatzen duen apartidismoa bere egin dute.

Hondakinen kudeaketa arazo bilakatu dela diote. Errusgailua, batzuentzat, arazo horri erantzuna emateko modu bat da. Aukera bat. Baina, beste batzuentzat, aukera hori arazoa da. Gure osasuna dago jokoan, argudiatzen dute. Eta medikuek ere berresten dute hori. Erraustegiak eragin kaltegarriak ditu osasunean. Edozein gauza erretzeak eragin oso kaltegarriak ditu. Horregatik, hainbat ikuspuntutatik, aukera hori ez zaigu egokiena iruditzen.

Aian, 2015ean, birziklatze tasa %24,88koa zen. Horretan ere asmatzen ez delakoan daude. Hondakinen kudeaketa baino lehen, hondakinen bilketa sistema dago. Hor ere ez da asmatzen. Datu horrek arduratu egiten ditu eta, hondakinen kudeaketa baino lehen, hondakinen bilketa sistema fintzeko beharra ikusten dute; erabakiak, beti, osasunarentzat egokiena dena izanik.

Erraustegia da momentu honetan Foru Aldunditik bultzatzen duten eredua, diote. Gaineratzen dute: eredu hori indarrean jartzeak zalantza handiak sortzen dituela konturatu gara. Horregatik, gaian jantzita daudenei iritzia eskatu diete eta, bide horretatik, hainbat hitzaldi antolatu dituzte.

Dagoeneko lehen hitzaldia egin dute. Ekainaren 16an izan zen. GuraSOS ekimeneko Oidui Usabiaga izan zen Aian, taldea zergatik eta zertarako sortu zen kontatu zuen eta Orona Ideon antolatutako dibulgazio ekitaldin jasotako informazioak eragindako ezinegonari buruz hitz egin zuen.

Hurrengo hitzaldia ekainaren 27an izango da. Iñigo Suberbiola sendagile lasartearra eta Joxe Ramon Furundarena Donostia Ospitaleko hematologoa izango dira Aiako kultur etxean, arratsaldeko 18:00etan. Medikuek diotena azalduko digute. Espresuki aipatu digute Zubietan eraiki nahi duten errausgailuak izan ditzakeen eragin positiboak zeintzuk diren adierazteko prest dagoen norbait baldin badago, bertaratu dadila, mesedez. Iritziak partekatzeari garrantzia eman nahi diote Suberbiolak eta Furundarenak.

Hirugarren hitzaldia uztailaren 5ean izango da, arratsaldeko 18:00etan, kultur etxean. Gaian aditua den Gorka Bueno EHUko irakasleak errausgailua eraikitzeak ikuspuntu ekonomiko eta tekniko batetik izango dituen eraginen edo ondorioen inguruan hitz egingo du.

 

Talde batean ohikoa den bezala, berak ere iritzi desberdinak dituztela aipatu digute. Iritzi desberdinak ditugu eta jasotzen dugun informazioaren arabera iritzi hori aldatu daitekeela uste dugu. Hori dela eta, bai aiarrak, baita inguruko herrietatik etorri zaitezketen interesatu guztiak informazioa jasotzera –eta zergatik ez, ematera– etortzea eskertuko genuke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide