Pilota txapelketan izen emateko azken eguna

Karkara 2016ko eka. 10a, 07:56

Ekainaren 10ean bukatuko da Aiako Pilota Txapelketan izena emateko epea. Eskuzko nahiz palako txapelketetan eman daiteke izena, kultur etxean.

XXXVIII. edizioa izango da eskuzko txapelketan. 38 aldiz antolatuko du Aiako Kirol Elkarteak txapelketa. Ondo errotutako txapelketa da, herrian harrera ona eta erantzun hobea duena. Pala txapelketa ere sustraituta dago. Beranduago hasi arren txapelketa honen antolakuntzarekin, aurtengoa XXVI. edizioa izango da.

Eskuzko txapelketan, gizonezkoetan, lau kategoriatan banatuko dira: 10 urte bitartekoak, 11tik 15 urte bitartekoak, 16 urtetik gorakoak banaka lau t'erdi barruan eta 16 urtetik gorakoak binaka. Emakumezkoetan, 13 urte bitartekoena izango da kategoria bat eta 14 urtetik gorakoa bestea.

Palan bi modalitateetan arituko dira. Mutiletan, binaka eta banaka arituko dira. Binakako kategorian hiru mailatan banatuko dituzte pilotariak: 10 urte bitartekoak, 11tik 15 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak gomazko pilotarekin. Banaka 16 urtetik gorakoak soilik arituko dira, teniseko pilotarekin, bostaren barruan. Emakumezkoak hiru mailatan banatuko dira eta binaka jokatuko dute: 10 urte bitartekoak, 11tik 15 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak.

Izen ematea kultur etxean eman beharko da. Horretarako azken eguna da gaurkoa, ekainaren 10a. Esku pilotan nahiz palan, izena ematen duen bikotekideetako batek, gutxienez, aiarra izan behar du. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide