Gorka Eizmendik argi dio: asteburuan etxean jokatzen dugu. Etxeko igoera da. Eta iaz bezala, aurten ere irabazten ahaleginduko dira, baina badaki zaila izango duela. Bederatzigarrenez antolatu dute Aiako igoera eta Nekane Arrizabalaga alkateak dioenez zifra horrek agerian uzten du igoeraren sendotasuna.
Aurten, lehen edizioan bezala, bi egunetan izango da igoera: larunbatean egiaztapen tekniko eta administratiboak egingo dira 16:00etatik 20:00etara, eta igandean 9:30tatik aurrera hasiko dira txandak. Bi entrenamendu txanda izango dira eta beste bi ofizial. 60 gidarik eman dute izena igoerarako, tartean momentuan puntakoak diren gidariak. Monoplazetan Aitor Zabaleta, Joseba Iraola, Arkaitz Ordoki eta Garikoitz Flores dira faborito nagusiak. Turismoetan, berriz, Iban Tarsicio, Markel Cestafe eta Gorka Eizmendi, besteak beste.
Eizmendik faboritoetako bat izatez gain, irabazlea ere izan nahi du; baina, guztiaren gainetik, gozatu eta gozarazi egin nahi du. Ea disfrutatzen dugun eta etortzen direnek ere gu ikusten disfrutatzen duten, aitortu du. Euria dago iragarrita, baina Eizmendik espero du ateri egitea, hori hobeto datorkio eta. Aurkezpenean zen Iban Tarsiciok, ordea, euria nahiago du. Erosoago aritzen naiz lehorrean, baina euriarekin irabazteko aukera gehiago dauzkat, azaltzen du Tarsiciok.
Ibilbideko bihurgune guztiak garbi daude bat izan ezik. Bihurguneetako batean zuloak daude, iaz izan zen luizi baten harira. Oraindik konpontze-lanetan dabiltza, baina iganderako garbituta izango dute bidea. Eizmendiren ustetan hori mesedegarria da berarentzat. Horren auto onak ez ditugunok aukera gehiago ditugu horrelako kontuekin. Nik, behintzat, nahiago dut, aitortu du. Dena den, luiziaren eragina apenas nabaritzen dela gaineratu du. Ez du uste denboretan asko nabarituko denik.