Landareak baino askoz gehiago

Karkara 2016ko api. 21a, 15:19

Larunbatean eta igandean Landare Berezien Azoka izango da Aian, Iturraranen. Ekitaldi mardula antolatu dute astebururako. 

Larunbatean emango zaio hasiera 14. Landare Berezien Azokari eta gaur, apirilaren 21ean, egin dute aurkezpena Iturraran Parketxean. Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak esan duenez, azoka bezala erreferente bilakatu da Aiakoa estatuan eta Europan, maila honetan egiten den bakarrenetakoa da.

Azokara sartzeko bide bakarra sarrera nagusia izango da. Goizeko 11:00etan irekiko ditu ateak Iturraranek, Coello Veraren abentura botanikoa hitzaldiarekin. Zelanda Berrian bizitakoak kontatuko ditu hizlariak. Ondoren, 11:30ean, biodibertsitatearen bisita izango a, euskaraz. 12:00etan gazteleraz egingo dute bisita. 

Igandean ere 11:00etan hasiko da azoka. Hitzaldi batekin ekingo diote egunari, Lurberryk lorategi jangarrien inguruan hitz egingo du. Ondoren, larunbatean bezala, bisitak egingo dituzte, 11:30ean euskaraz eta 12:00etan gazteleraz.

Ekintza horiek guztiak debalde izango dira, baina aurrez erreserba egin beharko da, plazak mugatuak baitira. Erreserbak egiteko iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi beharko da edo 943 83 53 89 telefonora deitu.

47 mintegi landare azokan

Aurtengoan 47 mintegik eman dute izena Landare Berezien Azokan parte hartzeko. Kontinente guztietako landareak ikusi eta, hala nahi izanez gero, ersoteko aukera izango da. Erosleentzat, sarritan, landare ezezagunak badira ere, lorategietan edo etxeko leihoetan arazorik gabe zaindu daitezkeen landareak dira. Aurtengo berrikuntzen artean, landare karniboroak dituen mintegi bat eta tenperatura hotzak jasaten dituzten zitrikoak dakartzan beste bat aipatu ditu Jon Zulaikak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landare Babestuen arduradunak.

Nekane Arrizabalagak, Aiako alkateak, azokara etortzeko eta, landareez gain, ingurune paregabeaz gozatzeko deia luzatu die herritarrei. Bestalde, azoka antolatzen lan egiten duten boluntarioen lana eskertu du Arrizabalagak.

Azokan jan eta edaneko postuak izango dira eta bertan inguruko produktu desberdinak erosteko aukera izango da. Hala nahi izanez gero, Lorategiko ibilbideetatik paseatzeko aukera dago. Haurrek jolasteko gune eder bat ere aurkituko dute. Beraz, denentzako dago tokia asteburuko azokan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide