Irigoien nagusi Perurenaren omenezko txapelketan

Karkara 2016ko api. 18a, 08:00

Argazkiak: Urola Kostako Hitza

Aimar Irigoienek irabazi zuen atzo arratsaldean jokatu zen Peru Harri txapelketa. Guztira 49 jasoaldi lortu zituen errezildarrak.

Iñaki Perurena maiz izaten da Aiako probalekuan. Ikusmiran aritzen da, txapelketa askotara hurbiltzen da. Atzokoan, ordea, hitzordu berezia izan zen. Bere omenez antolatutako txapelketa baitzen Peru Harri txapelketa.

Perurenaren bi harrirekin aritu ziren lanean sei harri jasotzaileak, 24 ontzako eta 10 arroako zilindro zaharra eta 32 ontzako eta 10 arroako zilindro zaharra. Harri bakoitzak 125 kilo zituen. Hiru minutuko tartea izan zuen harri jasotzaile bakoitzak.

Jasoaldi gehien egin zituen Aimar Irigoien izan zen. 24 ontzako eta 10 arroako zilindro zaharra 30 aldiz jaso zuen eta 32 ontzakoa 19 aldiz jaso zuen. Guztira 1.625 kilo jaso zituen Irigoienek. Bigarren Inhar Urruzuno sailkatu zen. Guztira 5.625 kilo jaso zituen, 25 jasoaldi egin zituen lehen harriarekin eta 20 bigarrenarekin. Hirugarren Aimar Galarraga sailkatu zen. 37 jasoaldi egin zituen oriotarrak, 21 aldiz jaso zuen 24 ontzako harria eta 16 alditan 24 ontzakoa. Guztira 4.625 kilo altxa zituen Galarragak.

Laugarren postuan Mikel Lopetegi Urra sailkatu zen, 36 jasoaldirekin 4.500 kilo pilatuta. Bosgarren Josetxo Urrutia sailkatu zen 27 jasoaldi eginda eta azkenik Xabier Aristegi Santxi, beste 27 jasoaldi eginda.

Peru Harri txapelketako sailkapena

1. Aimar Irigoien: 49 jasoaldi, 30 eta 19, 6.125 kilo
2. Inhar Urruzuno: 45 jasoaldi, 25 eta 20, 5.625 kilo
3. Aimar Galarraga: 37 jasoaldi, 21 eta 16, 4.625 kilo
4. Mikel Lopetegi: 36 jasoaldi, 20 eta 16, 4.500 kilo
5. Josetxo Urrutia: 27 jasoaldi, 16 eta 11, 3.375 kilo
6. Xabier Aristegi: 27 jasoaldi, 16 eta 11, 3.375 kilo

Sari banaketa baino lehen, Perurena omendu zuten probalekuan. Omenaldian parte hartu zuten Paulo Aldalur Aiako Idi Proba elkarteko kideak eta Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak. Oroigarri bat eman zioten leitzarrari.

Joseba Ostolazak ere oroigarria eman nahi izan zion Perurenari. Ostolazaren eskolako bi lagunek parte hartu zuten txapelketan, baina, horrez gain, beste hainbatetan ere elkartu dira Ostolazaren Eskolakoak Perurenarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide