Amezti baserriaren obra baimenak kezkatu egiten du Aiako EH Bildu taldea. Horren harira, ez-ohiko udalbatzar monografikoa eskatu zuen EH Bilduk. Udalak onartu egin zuen eskaera eta udalbatzarra apirilaren 20an izango da, arratsaldeko 19:30ean.
Aiako EH Bilduren arabera, Talaimendiko lurretan eraikitzen ari den Amezti baserriaren obra dela-eta, 2015eko azaroaren 10eko udalbatzarrean gaiaren inguruko mozioa eztabaidatzea eskatu zuten. EAJk ezezkoa eman zutela diote. Hortaz, orain, udalbatzar monografikoa eskatu zuten.
Mozioa sartu zutenetik denbora pasa dela diote eta lanek aurrera egin dutela. Eta, Aiako EH Bilduk, bilkura monografikoa eskatzeaz gain, gaia mahai gainean jarri bitartean lanak gelditzea ere eskatu dute.