Udaberriarekin batera, hasi dira Pagoetako Parke naturaleko eta Iturraran Parketxeko jarduerak. Datorren aste santurako hainbat ekintza antolatu dituzte. Martxoaren 24tik hilaren 28ra bitartean egunero egongo da zer egina Pagoetan. Iturraran Parketxea 10:00etatik 14:00etara irekita egongo da martxoaren egun horietan. Parkeari buruzko informazioa jaso nahi duenak edo museo etnografikoa ikusi nahi duenak ordutegi horretan egin dezake.
Agorregiko burdinola eta errotak ere irekita egongo dira egun horietan. Egunero, 11:30ean erakustaldi gidatua egingo dute eta makineria guztia martxan jarriko dute. Erleen mundua ezagutzeko aukera izango da, baita ere. 13:00etan bisita gidatuak egingo dituzte erlategira.
Bestalde, martxoaren 26an, Pako Garinek, Lorategi Botanikoko sortzaileak, bisita gidatua egingo du, udaberriko lehen loraldiak ikusteko. 11:00etatik 13:30era izango da bisita eta 5 euro balio du sarrerak. 30 pertsonarentzat izango da bisita, beraz, aurrez erreserba egin behar da.
Azkenik, apirilaren 2an, 10:00etatik 13:00etara, txorien kantuak entzuteko eta ezagutzeko bisita egingo dute.
Jarduera guztietarako aurrez izena eman behar da, 943 83 53 89 telefonoan edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbide elektronikoan.