Garazi Eizmendi: "Nire lehen helburua partidu bat irabaztea zen"

Karkara 2016ko mar. 2a, 11:45

Partidu bat irabazteko asmotan ekin zion Euskal Herriko Gomazko Pala Txapelketari Garazi Eizmendik –Aia, 1998–, baina txapela irabazi bukatu zuen txapelketa. Pozik dago lortutakoagatik.

Zorionak. Pozik izango zarela pentsatzen dut...

Bai! 

Bikotekako txapelketa izan da irabazi duzuena. Zein izan duzu bikotekide?

Nagore Martin, gasteiztarra.

Finalera iritsi arte nola joan zen txapelketa?

Ongo, egia esan. Ligaxkan partidu bat galdu genuen, baina beste biak irabazi egin genituen, uste baino errazago. Hiruko berdinketa egin genuen ligan, hau da, beste bi bikoterekin berdinduta genden. Baina tantoen arabera, gu ginen lehendabizikoak.

Hiruko berdinketa... parekatuta zendeten, lehia estua izan da?

Lehendabizikoz berdinketa zegoela jakin genuenean, beldurtu egin ginen. Baina, egia esan, gu nahiko erraz joan ginen aurrera. Tantoei begiratuz gero, aldea dezentekoa zen. Baina beste bikoteen arteko tartea tanto bakarrekoa zen.

Finalerdietan erraz irabazi zenuten...

Beste taldeko bigarrenaren kontra jokatzea tokatu zitzaigun. Oso partidu zaila izango zela uste genuen, baina azkenean 25-14 irabazi genuen. 

Irabazi eta finalera. Zuen hasierako helburua finaleraino iristea zen?

Ez. Beno, nire bikotekidearena ez dakit, baina nirea ez. Nire lehen helburua partidu bat irabaztea zen, ez nuen espero inondik inora finaleraino iristea.
 

Eta finala ere, irabazi.

 
Bai! Oso pozik!

Partidua estua izan zen...

Hasieran gu hasi ginen irabazten, baina gero aurkariak esnatu egin ziren eta harrapatu egin gintuzten. Pare-parean joan ginen 15 tantora arte. Orduan, aurrea hartu ziguten eta 23-21 jarri ziren. Irabazten. Ondoren 24-24 berdindu genuen, baina azken tantoa guk egin eta guretzat izan zen txapea.
 
Partidu parekatsua izateaz gain, luzea ere izan zen. Ordu eta laurden iraun zuen, gutxi gorabehera. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide