Elkano auzoko frontoia eta elkartea inauguratu dituzte

Karkara 2016ko ots. 22a, 08:43

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Auzotarrek eskatutakoa daukate atzotik. Igandean inauguratu ziren Elkano auzoko frontoia eta elkartea. Jende ugari gerturatu zen ekitaldira, bai aurretik jokatu zen pala partidura baita ondorengo lunchera ere.

Igande eguerdian erabili zen lehendabizikoz Elkano auzoko frontoi berria. Emakumezkoen pala txapelketarekin eman ziren lehen pilotakadak frontoian. Partiduaren ondoren inaugurazio ekitaldia egin zen. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordea, Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Josune Lazkano lehendakaria izan dira inaugurazioan.

Nekane Arrizabala Aiako alkateak hartu zuen hitza. Auzotarrek begietan beste distira bat duela aipatu zuen, izan ere, auzotarren nahia zen frontoia eta elkartea egitearena. Amets hori bete egin dela gaineratu zuen. Orozek horrelako proiektuak babestearen garrantzia azpimarratu zuen, elkartzeko tokia izateak auzo bizia izatea eta etorkizuna izatea baitakar. 

Elkano auzoko frontoiaren eta auzo elkartearen proiektua Aiako eta Zarauzko udalen artean egin da. Txurrukak azaldu zuenez orain arte bi herriak bananduta zeuden eta proiektu honen bidez bi herriak batu egin dira. Proiektu honekin aiarrak, zarauztarrak eta bisitariak elkartu eta anaitasunean elkarrekin bizitzeko baliagarria izatea espero du Zarauzko alkateak.

Proiektua burutzea ez dela erraza izan esan du Lazkanok. Baina, zailtasunak zailtasun, bukatu dute proiektua eta orain pozarren daude. Inaugurazioan bertan erabili ziren bi eraikinak, nola frontoia, hala elkartea. Hamaiketakoa ere egin zuten, frontoiaren kanpoan, eta jende ugari bildu zen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide