Euskaldunak eta sexua da bakarrizketaren gaia. Euskaldunok sexurik praktikatzen ez dugunaren topiko tipikoa ziurtatu ala gezurtatu egiten duzu?
Noski, gezurtatu egiten dut. Euskaldunak sexua genuen, daukagu eta izango dugu. Bakarrizketan euskaldun batek, nik, sexua nola bizi dudan azaltzen dut, muturrera eramanda.
Eta nola bizi duzu, bada, sexua?
Niri galdetzen didazu ala bakarrizketako Aitorri? Naturaltasunez bizi dut, kuriosoa eta jostagarria naiz. Bakarrizketan, berriz, puztua, harroa... naiz. Esajeratu egiten dut. Fikzioa da.
Naturaltasunez sexuaz hitz egitea kosta egiten zaigula uste al duzu?
Bai. Azkenean, norbere gauza intimoetaz hitz egitea oso zaila da. Kuadrillan edo lagun artean zenbatetan hitz egiten dugu gure sexualitateaz eta gure sexu jardueraz? Gauza intimoegia da...
Hitz egitea, gaia sozializatea, ona dela uste al duzu?
Noski. Gauza guztiekin bezala, hitz egitea beti dago ondo. Norberak ikusiko dut muga non jarri nahi duen, zer elkarbanatu eta zer ez, baina garrantzia gehiegi ematen diogu oraindik.
Zergatik?
Kontxo! Norbere gauza intiomoetaz hitz egitea beti da zaila. Horregatik, nik ere, ez dut hitz egiten nire egiazko sexualitateaz bakarrizketan.
Baina zuzenki ez bada ere, balio al dizu bakarrizketak zeharka barruan gordetakoa ateratzeko?
Gauza batzuk nereak dira, noski, baina gehiena fikzioa da. Ez dut uste... Gordeta ditudanak gordeta jarraituko dute.
Orion izango da bakarrizketa, Kolon Txikin. Gertuko jendearen aurrean antzezteak urduritu ala lasaitu egiten zaitu?
Beti egoten naiz urduri, baina, egia esan, gertuko jendea egoteak gehiago estutzen nau, ezagutu egiten bainaute.
Lehenago ere ikusi izan zaituzte, Orion hasi baitzinen...
Bai, Gaztetxean.
Nola gogoratzen duzu lehen aldi hura?
Dibertigarria izan zen. Oso urduri nengoen, baina polita izan zen. Zenbaiti gustatu zitzaien eta gero gehiago etorri dira, baina niri gustatu zitzaidan gehien.
Ordutik oholtza ugaritan izan zara, beti umorea hizpide. Umorea gauza serioa da, ezta?
Oso! Baina nik ez dut oso serio hartzen, ez baita nire lanbidea. Ziur nago lanbidea izango banu aspertu egingo nintzatekeela. Beno, egia esan, probatuko nuke ogibide bezala...
Kontua da Euskal Herrian oso zaila dela eguneroko ogia oholtzatik oholtzara ibilita lortzea...
Noski, noski. Onenek ere komeriak dituzte, beraz, pentsa ni bezalako batek.
Zu, bitartean behintzat, gozatzen eta gozarazten ahaleginduko zara, bihar esaterako. Gogotsu?
Bai. Gogotsu eta momentuz, lasai. Bihar izango ditut komeriak.
Zorte on, Aitor eta ondo pasa.
Eskerrikasko! Gonbiatuta zaudete, azaldu!