Haragitarako behiak hobetzeko testatze zentroa garatuko dute Aiako Ibarrola finkan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Urtean 400 semental testatu eta hobetzaile lortuko dituzte hobekuntza horiekin, eta Aldundiaren 619.808,31 euroko inbertsioarekin egingo dituzte berrikuntzak.
1995. urtean jarri zuten martxan testatze zentroa Aian, eta 1406 idisko pasa dira geroztik. Horietako gehienak estatu mailan saldu badira ere, nazioartera ere heldu dira batzuk.
Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Garapen eta Lurralde Orekarako departamenduaren helburua baserritarren produktuak hobetzeko lan egitea da. Testatze zentro berria Ibarrola finkako egungo instalazioak aprobetxatuz garatuko dute eta hainbat berrikuntza egingo dituzte. Besteak beste, limusin eta blonda arrazetako animaliak testatzeko gunea handituko dute, nabe berriak eraikiko dituzte eta enkanteetarako aretoa eraikiko dute.