Azaroak 10eanAiako batzarrera hurbildu eta batzar aretoko bankuan esertzean aiar gutxitxo ikusi nituen aukeran. Bertaratzeko arrazoietako bat, prentsan irakurri nuen Maiaga Beheko bizilagunen egoeraz informatzea izan zen . Kaleratze arriskuan izaki, gutxienez lehentasunez aipatu beharreko gaia iruditzen zitzaidan,baina, gai zerrendan sartzeko beharrik ez zuten ikusi.
Gaitzerdi Bilduk galdera eskarietan honi buruz hitz egiteko bidea ireki zuen. Alkateak adierazi zuen, duela 78 egun harremanetan ipini zirela berekin. Udal gobernuak erantsi zion ,laburbilduz; gaia isilik, kontuz eraman beharrekoa zela. Tira...
Amezti eraikinaren kasuaz hitz egiteko aukera ere egon zen, baina, alkateak mozioa gai ordenean ez sartzea erabaki zuen, garrantzitsua ez zela argudiatuz –gaia auzitegietan dago–.
Nahi nukeena zera da: Udal gobernuak ere herrian gertatzen ari diren garrantzizko gaien inguruan herritarrok informatuta egoteko dituen aukerak –plenoa adibidez– horretarako baliatzea.
Aiako Udalak –nahiz eta eskumenak mugatuak izan– aiar batzuen etxe-kaleratze eta ogibidea galtzeko arriskua ikusita, gutxienez baliabide administratibo, politiko eta mediatikoak erabiltzeko aukera dauka, babesa eman nahiko balu. Baserritik bizi nahi duten aiarren aldeko keinu bat ,sikiera!
Batetik, bankari askok pertsonen bizimodua hondoratuz poltsikoak gehiago betetzen jarraituko dute lege bidegabeko batzuek erabiltzeko aukera duten bitartean – gehiegizko interesak, zoru klausulak, etxekaleratze mehatxua, letra txikia–. Legearen aurrean defendatzeko baliabide eta erraztasun alderaezinak ditu bankuak baserritarrekin alderatuta.
Azken urte horietan hedabideetan ikusi dugu egoera horietan herritarren plataformak –eta administrazioak?– presio eginda egoera latz batzuei irtenbide justuago bat emateko gai izan direla.Isilik jarraitzea al da bidea?
Gipuzkoan 1999. urtean 7074 langile zeuden lehenengo sektorean. 2012. urtean 2299 ziren. Isil-Isilik gertatzen ari da dena –Gaindegiatik jasotako datuak–