Erromeri egun berezia

Karkara 2015ko urr. 29a, 07:06

Arrakastatsua izan zen pasa den igandeko ekitaldia. Aristerrazuko erromerien inguruko disko-liburua aurkeztu zuten lehendabizi, bazkaria egin zuten ondoren eta eguna erromeriarekin biribildu zuten.

Pasa den igandean Andatzako Aristerrazuk kolore berezia zuen. Igandero bezala, erromeria izan zen iluntzean, baina triki doinuek indar berezi bat zuten. Izan ere, eguerdian, Aristerrazu Mandioko Erromeria liburua aurkeztu zen, eta, horren harira, hainbat talde igo ziren plazako oholtzara: Epelde eta Lutxurdio; Etxaniz eta Ainara; Agurtzane eta Jon Elustondo; Kristina Solano, Xabier Solano eta Jon Mari Beasain; eta, Maixa, Irati eta Izer.

Baina, horrez gain, bazkaria ere antolatu zuten frontoian. 160 lagun inguru bildu ziren mahaiaren bueltan. Jende ugari eta giro polita nabarmendu dituzte antolatzaileek.

Aurkeztu zuten disko-liburua Andatza auzoko tabernan erosi daiteke, baita liburu dendetan eta interneten, trikitixa elkartearen webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide