Erromeri are bereziagoa igande honetan

Karkara 2015ko urr. 19a, 07:33

Aristerrazu mandioko (azken) erromeri liburua aurkeztuko dute igande honetan. Aitzakia horrekin, bazkaria egingo dute frontoian eta erromeri talde baten ordez bost igoko dira oholtzara.

Andatza auzoan hasi da erromeri denboraldia. Joan den asteburuan eman zioten hasiera Izer eta Alabierrek. Igande hau, urriaren 25a, ordea, bestelakoa izango da. Erromeria ez da faltako, baina egun batez dimentsio handiagoa hartuko dute Aristerrazuko triki doinuek.

Eguerdian hasiko da festa Aian. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Joxemari Iriondok idatzitako Aristerrazu mandioko (azken) erromeri liburua aurkeztuko du. Eguerdiko 13:00etan izango da hori, plazan bertan. Liburuaren aurkezpenaren ondoren bazkari herrikoia izango da frontoian.

Txartelak aurrez hartu behar dira, Aristerrazu jatetxean. Bazkari-txartelak erosteko azken eguna urriaren 22a izango da, osteguna. Jatetxera bertaratuta edo 943 83 45 21 telefonora deituta egin daiteke erreserba.

Bazkalostean erromeri berezia izango da, 17:30ean hasita. Trikitilari ugari taularatuko dira. Epelde eta Lutxurdio; Etxaniz eta Ainara; Agurtzane eta Jon Elustondo; Kristina Solano, Xabier Solano eta Jon Mari Beasain; eta, Maixa, Irati eta Izer. Hau da, guztira bost talde igoko dira oholtzara.
 
Ohi bezala, Andatza Erromeri Elkarteak antolatu du igandeko zita. Ekintza honen antolakuntzan laguntzaile izan ditu Aiako Udala eta Aristerrazuko jatetxea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide