Ahal da Ezin da

Iona Rekarte 2015ko ira. 24a, 12:30

Orain hor dago idatzita lehen aipatu ere egiten ez zena, ama eta haur jaioberriak naturalki elikatzeko eskubideaz hitz egiten duen testua.

Hau jaso nuen atzo foro batean: Eskubidea bihurtu da Euskadiko leku publikoetan bularra ematea , eta segituan sua piztu zen forokideen artean. Baziren pozik zeudenak, behingoz, osasun arloko legedian argi eta garbi adierazten delako eskubide hau. Baziren ere oso haserre zirenak, mahai gainean eskubidea izan daitekeen ala ez eztabaidatze hutsa onartezina iruditzen zaielako.

Nik gustura hartu nuen albistea, badirudi gaur egun ez dela beharrezkoa hori erabakitzea, eta era berean, orain hor dago idatzita lehen aipatu ere egiten ez zena, ama eta haur jaioberriak naturalki elikatzeko eskubideaz hitz egiten duen testua, gaur egungo gizarteak hortaz duen ikuspegia eta nahia azaltzen dituena. Orain, ordea, ez dakit leku publiko guztietan bularra eman daiteke kartelak jarriko dituzten, edo ezin da bularra ematen dagoen emakumea molestatu edo iraindu kartela –debekuak izaten direlako normalean jartzen diren abisuak–. Beharko ote dira? Harritzen nau adibidez, bazter guztietan ezin da erre kartelak ikustea. Hegazkinetan, autobus eta trenetan, eskoletan, udaletxetan, milaka eta milaka abisu: ez erre! Beharrezkoak al dira gaur egun?

Pertsonok, batzuetan denbora behar dugu aldaketak barneratzeko, batez ere ez badira gure gustukoak eta agian horregatik daude hainbeste? Agian kasu egiten ez duten bihurri asko darraitelako jartzen dira, baina hauek dira hain zuzen kasu egiten ez dutenak! Zertarako jarri orduan? Eta aitortu beharrean naiz, nik ere, batzuetan horixe egiten dudala, kasurik ez kartelari. Trenean argi eta garbi jartzen du ezin dela jan. Ni gose naizenean ordea, munstro bat bihur naiteke, haserrea eta ondoeza pizten zait; beraz, kasu zipitzik ez diot egiten debekuari eta lasai asko jaten dut. Nori egin diezaioket kalte trenean sagar bat janda? Ez al litzake hobea izango, mesedez tren hau garbia mantentzen saiatu kartela, ezin da jan baino? Eta treneko pika-pikak zerbait esaten baldin badit, nire ardura da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide