Ostolaza: "Garrantzia handia ematen diete Euskal Herriko euskaldunak izateari"

Karkara 2015ko abu. 11a, 10:59

Argazkia: Ostolaza Harri Eskola

Boisen bost urtez behin egiten den euskal festan hartu dute parte Ostolaza harri eskolako hiru kidek: Joseba Ostolazak, Jokin Eizmendik eta Idoia Etxeberriak. Esperientzia gogoangarria izan dela aitortu du Ostolazak, ahaztezina izan dela.

 Aurten ere izan zara Boiseko jaialdian. Ez da zure lehen aldia izan, ezta?

Badira hamar urte hara joaten naizela. Bost urtean behin antolatzen da festa, eta joan nintzen lehen alditik, antolatu den guztietan errepikatu dut. Antolatzaileak gernikarrak dira eta urten ere joateko gonbidatu naute. Harria jasotzeko eskolako Jokin Eizmendi, Idoia Etxeberria eta ni neu joatea proposatu nien. Baiezkoa eman zuten eta, egia esan, itzel atera da.

Zenbat saio egin dituzue?

Guztira hamar eguneko egonaldia egin dugu han eta festak zazpi eguneko iraupena du. Aste betean hiru saio egin ditugu. Garrantzitsuena lehenengoa izaten da. Hockey-ko zelai bat erabiltzen dute jaialdirako eta harmailetan 5.000 ikusle sartzen diren arren, zutik ere jendea egon zen jaialdia ikusten. Sarrera guztiak agortu ziren eta jendea joateko gogoz gelditu zen.

Ikusmina sortu zenuten, behintzat.

Sarrera gabe gelditu ziren, bai. Hemengo kultura oso gertutik jarraitzen dute, ezagutzen dute harri-jasotzea.

Zure selfieak ere zeresan handia eman du...

Erakustaldia baino lehen selfie bat egiteko esan zidaten. Ez nekien selfiea zer zen ere. Amaieran, agurra egiterakoan, hitzeman nion selfiea egingo nuela. Harria belaunean gelditu, argazkia atera, eta hango hedabide guztietan atera zen. Kaletik ere jendean selfie, selfie, selfie esaten zidan.

Lehen saioa garrantzitsuena dela esan duzu...

Bai, izan ere, aurreneko eguneko erakustaldian aurkezpen moduko bat egiten dute. Beren ereserkia jartzen dute, eta ondoren, gurea. Bost mila lagun zutitu egiten dira eta txapela duenak, txapela kentzen du.  Oso berezia izaten da. 

Ondoren, parte hartzaileen aurkezpena egiten dute. Mikrofonotik izena esaten dute eta plazaren erdira joan behar dugu. Kainoietik kea botatzen dute eta guztiak txaloka hasten dira. NBAko jokalariekin egiten duten aurkezpenaren antzekoa izaten da. 

Eta zuen lana nola joan zen?

Hemendik emandako harri batzuk daude han, baita han egindakoak ere. Jasotzeko ez dira oso errazak, labainak badira. Burnizkoak oso ondo eginda daude, baina altxatzeko ez dira hemengoak bezalakoak.

Jokin orain sasoikona dago. Horregatik eraman nuen. Berak han izen handiak ezagutzen dituzte: Perurena, Saralegi... Eta Jokin bezalako mutil gazte bat ikustean harritu egiten dira. 227 kiloko harria altxa zuen Jokinek eta harrituta gelditu ziren. 

Idoiarentzat bi harri aukeratu genituen, garai batean hemendik emandakoak: 100 kilokoa bata eta 125 kilokoa bestea. Ezin zuten sinistu Idoiak harri horiek jasotzea. Ondo ibili zen, hiru bat jasoaldi eman zizkion erakustaldi bakoitzean. 

Ikusleen artean, gehiengoak euskaldunak al dira?

Gehienak euskaldunak izaten dira. Hiru-lau generazio atzera eginda, arbaso euskaldunak zituzten asko elkartu ziren Boisen. Berak estatu batuarrak izan arren, han hezitakoak izanagatik, euskaldun sentitzen diren mordoa zegoen han. Bestalde, hemendik hara joandako aiton-amona askorekin elkartu ginen. Ni orain dela hamar urte, lehendabizikoz joan nintzenean, aiton-amona horiek ziren antolatzaileak. Orain haien seme eta ilobak aritzen dira antolatzen. 

Garrantzia handia ematen diete Euskal Herriko euskaldunak izateari. Asko baloratzen dute gu euskal herritarrak izatea, hori esaten genienean musuak eta besarkadak ematen zizkiguten, eta galdera pila bat egiten zizkiguten. Berak ere euskaldunak sentitzen dira, baina euskal amerikanuak. 

Euskaraz badakite?

Berak nahiz eta hirugarren edo laugarren belaunaldia izan, euskaraz oso ongi hitz egiten dute. Bakoitzak bere arbasoen moduen egiten du euskara, etxeko euskara hitz egiten dute. Aitona bizkaitarra bazen, berak bizkaieraz egiten dute. 

Ez dute euskara batua hitz egiten. Hitz egiten dutena ez da euskara akademikoa, arautua, eskolan ikasitakoa; etxeko euskara hitz egiten dute. Euskararen transmisioa familian handia da han.

Berezia izan behar du horrelako festa batean parte hartzea.

Ilusio handia egiten zigun. Gainera, ikusten dituzun hainbat gauzekin harritu egiten zara. Pasarte bat aipatzearren: Euskal Etxea dagoen kaleak 100 metro inguru izango ditu. Euskal taberna eta denda ugari daude. Kale hori itxi egiten dute eta kalearen alde banatan polizia jartzen da. Estatu Batuetan debekatuta dagoenez kalean alkohola edatea, kale hori itxi eta utzi egiten dute kalean edaten. Kale horretan Euskal Herrian zaudela dirudi, eta berentzat hori espeziala da oso.

Izan ere, hango bizimodua eta hemengoa desberdinak al dira?

Pittin bat bai. Etxe alturik ez dago. Etxe baxuak dira guztiak. Bizimodu oso lasaia daukate. Berak ere esaten dute: estresa oso txarra da. Hemen baina lasaiago bizi dira.

Gu han egon garen astean, festak zirelako, bizi sozial handia zegoen. Baina, azken egunean, giroa zeharo aldatu zen. Gosaltzera joan eta herria hilda zegoen, ixilik, lasai. Iparraldera joaten garenean gertatzen zaigunaren parekoa gertatu zitzaigun: udan bizi asko dago, baina neguan lasai-lasaia da.

Distantziak ere oso handiak dira. Oinez ez dute ezer ere ez egiten, kotxea erabiltzen dute guztirako. Kutxazain automatikoetara ere kotxean joaten dira, eta ez dira autotik jaisten dirua ateratzeko. 

Hori ezagutzea ere polita izango da...

Esperientzia oso ederra izan zen. Oporraldien antzekoa: erdi opor, erdi lan. Ez zaizu ahazten zertara zoazen, harria jasotzera zoazela, baina txangoa eta ere egiten dira. 

Zer bisitatu duzue, adibidez?

Etxalde bat bisitatu genuen, esaterako. Handia zen oso, han guztia da handia. Abere piloa zeuzkaten haragitarako, 70.000 buru. Izugarria zen. Momentu honetan han 65 lagun zeuden lanean eta gero, lana gehitzen zenean, beste 50 kontratatzen zituzten. Hemengo baserriekin alderatuz gero...  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide