Eskualdean sona hartzen ari da Desioak Sutan ekimena. Duela hiru urte sortu zen, Zarautzen; eta urtero-urtero desio gehiago pizten dira, errealitate hotz gehiago berotzeko asmotan. Aurten, egitasmoa sei herritara zabaldu da, tartean, Aiara.
Festetan izango da ekimena, igandearekin. 22:30ean zeruratuko dituzte su bolak. Ikastola aurreko kirolgunean elkartuko dira Saharari elkartasuna adierazteko. Elkartasun keinu horren sinbolo su bolak izango dira, 300 guztira.
Su bolak lortu ahal izateko txartel bat erosi beharko da euro baten truke. Txartelak Iturriozenan, Jauregin, Kanuan, Aize Berrin, igerilekuan edo festa batzordeko kideei eskatuta lortu daitezke. Lortzen den dirua Sahararen aldeko elkarteen bitartez errefuxiatuen kanpamenduetara bidaliko da.