Bi Sega Txapelketa hilerri azpiko belardian

Karkara 2015ko uzt. 2a, 11:23

Gipuzkoako Sega Txapelketako finala eta Emakumezkoen Euskadiko Sega Txapelketa jokatuko dira uztailaren 5ean eta 12an, hurrenez hurren

Aiako hilerri azpiko belardiak bi sega txapelketa jasoko ditu datozen asteetan: Gipuzkoako Sega Txapelketako finala eta Emakumezkoen Euskadiko Sega Txapelketa.

Uztailaren 5ean, igandean, izango da lehena, 12:00etan. Igor Esnaola, Julen Gabirondo, Jesus Mari Ormaetxea Urki eta Iban Pardo izango dira belarra mozten jardungo direnak. Ordubeteko lana egingo du segalari bakoitzak. Ikustera joateko sarrera 10 eurokoa izango da.

Astebete geroago, toki berean, Emakumezkoen Euskadiko Sega Txapelketa izango da, 12:00etan. Irati Astondoa eta Alazne Etxeburua arituko dira txapela irabazteko lehian. 30 minutu egingo ditu bakoitzak. Txapelketa horretarako sarrera ere 10 eurokoa izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide