Eneko Sanz: "Aiarrek jakin egin behar dute Aiako herrian zer gertatu zen”

Karkara 2015ko uzt. 1a, 13:06

Ez jaioterria ezta jaiotze-data ere. Eneko Sanzek ez du lotura zuzenik Aian 1936an izandako gerra zibilarekin. Interesa, aldiz, handia du eta hortik abiatutako dokumentazioarekin liburua argitaratzera heldu da.

Testigantza gogorrak, gordinak eta ahazteko zailak bildu ditu Eneko Sanzek –Donostia, 1981– Aia 1936: Gerra Zibila, errepresio frankista eta Giza Eskubideen urraketa liburuan. Herritarrekin eta herritarrentzat, elkarlanean egindako liburua da.

1936an izan gerra zibila Aian. 1981ean jaio zinen, Donostian. Urrutiko kontuak gertutik bizi zenituen liburua idaztean.

Lanean duela lau urte hasi nintzen Aian.Orain dela hiru urte Gabino Alustiza Aiako alkate izandakoari egin zioten omenaldira gonbidatu ninduen Joxemari karteroak.

Aranzadiko idazkari nagusia, Juantxo Agirre, topatu nuen han. Nire irakaslea izan zen unibertsitatean. Hizketan hasi ginen eta ikusi genuen gertatutakoa ezin zela omenaldi horretan gelditu.

Hitzak haizeak eramaten dituelako?

Nire tesia hau da: idazten ez den guztia, galdu egiten da. Ikerketa bat egitea proposatu nien, helburu finkorik gabe, nora eramango gintuen jakin gabe.

Udaletxearen babesa genuen horretarako, udalbatzar guztiarena, baita beste askoren –Joxemari karteroa, Iñaki Iturain, Mikel Markez eta abar– laguntza ere.

Ideia eta babesa bazenituzten. Nondik hasi zineten?

Udaletxean papera eta dokumentazioa genuen.Horrez gain, herrian urte hartan bizi zirenen testigantzak biltzeari ekin genion.  Denboraren aurka geunden, adineko jendea baita elkarrizketatu duguna.

Udaletxeko artxiboa aberatsa omen da.

Zerbait falta da, beti bezala, baina hasieran ez nekien nondik hasi ere. Dokumentazio asko dago. Akta liburu guztiak daude, esaterako. Telegramak ere ugari daude, garai hartan Aian telefono bakarra baitzegoen eta mezu guztiak hara iristen zirenez, idatzi eta gorde egiten zituzten.  Aiara iristen zena baita Aiatik bidaltzen zena, guztia gordetzen zen.

Dokumentazioa eta testigantzak aipatu dituzu. Liburuak, batez ere, testigantza bilduma da.

Hasieran zaila egiten da hartu-emana, gauza oso delikatuez hitz egiten baita. Batzuk ondo eramaten dute baina beste batzuentzat zailagoa da.  

Asko kostatzen zitzaien gaiari heltzea, oro har. Hortaz, pixkanaka hasi behar izaten genuen. Gutxi gorabehera 75 galdera izaten nituen prestatuta, azkenean, behar nuen informaziora iristeko. Grabaketa horiek guztiak Aiako agiritegian daude gordeta. Hainbat gai ukitzen dira, hizkuntza esaterako. Baliagarria izan daiteke beste norbaitentzat.

Berentzat gogorra izan da pasatakoa birgogoratzea?

Batzuek naturaltasun osoz hitz egiten zuten. Nabaritzen zen familian ez dela gai tabua izan eta gerraz hitz egin dutela. Beste etxe batzuetan, ordea, ez zekiten zer zen gertatu zena.
Aurkezpenean hunkituta ikusten ziren biktimak...

Isabel Alustiza, adibidez, Gabino alkate izandakoaren alaba, hunkituta zegoen. Berak bizitakoa oso gogorra zen, berak ez baitzuen aita bakarrik galdu. Bizitza hankaz gora jarri zitzaien, etxea galdu zuten, kanpora eraman zituzten...

Franko hil ondoren lehen udaletxe demokratikoak ezarri ziren. Ordutik, bere familiari ez zitzaion inolako errekonozimendurik egin. Ez zen inor berekin gogoratu. Urte asko dira mina pairatzen eta seinalatuak izaten.

Ez zen familia seinalatu bakarra izango, ezta?

Beste maila batean, alkatearen familia ez zirelako, baina asko sufritu zuen jende asko dago. Horregatik, beharrezkoa eta osasuntsua da horrelako omenaldi bat egitea.

Hortaz, liburua idaztea eta aurkeztea aiarrei lapurtu zitzaiena itzultzeko lehen ahalegina izan al da?
Azkenean errekonozimendu bat egitea da. Sufritu zuten, urteak pasa dira, eta inoiz ez zaie barkamena eskatu edo berriro gerta ez dadin lan egingo dutela aitortu.

Nire ustez, gutxienez, jendeak jakin egin behar du zer gertatu zen. Gerrak Aian hiru egun iraun zuen, gerra ostea eta 40 urteko diktadura izan zen min gehien egin zuena.

Zer dela eta?

Frankoren aldekoak edo garaileak, beren ohorea jaso zuten, bizitza askoz ere errazagoa izan zuten. Nahiz eta familiarren bat galdu, beti omenaldiak egiten zitzaizkien eta diru laguntza izaten zuten. Besteak, ordea, baztertuta gelditu ziren.Horren erakusle da, gaur egun, oraindik ez jakitea Gabinoren hezurrak non dauden.

Liburua aurkeztuta, emaitzarekin gustura?

Bai, oso. Uste nuena baina gauza gehiago ikasi ditut.

Irakurri nahi duenak non eskuratu dezake liburua?

Aiarrentzat debalde dago udaletxean eta kultur etxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide