Ezagutzen nauzuenok badakizue Orion askotan ibiltzen den aiarra izateaz gain, erizaintza ikasten ari naizela. Eta ez bazenekiten, orain badakizue parrandaz aparte beste zerbait egiten dudala nire bizitzarekin. Hori esanda, etxera joko dut, nirera, denok egin ohi dugun bezala.
Duela egun batzuk klasean euskal kulturaren inguruan hitz egiten hasita, irakasleak beste ikaskide baten esperientzia bat kontatu zigun. Antza, euskaraz bakarrik zekien gaixo bat zegoen, eta beregana medikuarekin bisita pasatzera joan zirenean, erizainak eta ikasleak euskaraz hitz egin omen zioten. Honen aurrean, medikuak horrela esan omen zuen: aqui se habla en castellano. Hemen ikus dezakegu duela hilabete I. Mendiari eginiko elkarrizketa batean aipatzen zuen castellanoparlanteen eskuzabaltasuna. Okerrena da gelatik irtendakoan erizainak ez ziola ezer esan Mediku Jaun Txit Gorenari. Hori da gehien harritzen nauena, beren eskuzabaltasun hori harro erakusten uzten zaiela gainera. Eta oraindik, Osakidetza bezalako zerbitzu publikoa ez dela gai, bere zerbitzu guztiak herri honetan ofizialak diren bi hizkuntzatan emateko. Eta jendea kexu da oposaketetan euskarari garrantzi handia ematen zaiolako, gehiegi puntuatzen duelako. Nire ustez ez luke puntuak irabazteko zerbait izan behar, baldintzetako bat izan beharko luke, erizaintzako edo medikuntzako gradua bezala.
Ez nintzen ni bakarrik ikasgelan iritzi hori zuena, eta sare sozialetan zabaldutako medikuntzako graduazio ekitaldiko bideo batean ikusi bezala, medikuen artean ere bada gai honetaz kezkatzen denik. Badakit, gaur egun, oso erabilgarriak direla Osakidetzako e horiek, profesionalak euskaraz badakitela adierazten duten horiek. Baina egia esan, espero dut etorkizunean beharrezkoak ez izatea eta euskaraz sendatu nahi duenak karteltxoaren bila ibili behar ez izatea.