Goizeko 10:00etan irekiko ditu ateak Asentzio feriak. Azokarekin emango diote hasiera egunari, eta, azokan, denetik izango da. Barazkiak, fruta, eztia, ogia, gozogintza, loreak, ardoa eta beste baserriko produktuen erakusketa egingo da eta salmentan izango dira. Abere, ganadu, ardi, hegazti eta beste hainbeste animaliren erakusketa egongo da. Baserriko lanabesak ere egongo dira, erakusketan eta salmentan hauek ere. Artisautza postuak, bertako produktuen dastaketa eta antzinako lanbideen erakusketa ere egingo da.
Eguerdiko 14:00etan itxiko ditu ateak azokak. Arratsaldeko 18:00etan izango da hurrengo ekintza, frontoian. Bigarren mailako aizkora kanporaketa jokatuko da. Aratz Mugertza, Eneko Otaño, Unai Otaño, Xabier Orbegozo, Jose Mari Telletxea eta Xabier Zaldua arituko dira aurrez aurre. Aizkolariez gain, Aimar Irigoien harria jasotzen ibiliko da.
Ondoren, aizkora kanporaketa amaitzean, erromeria izango da Aiako plazan. Ostolaza eta Andonegik emango diote amaiera Asentsio feriari, jai giroan.