Euskaraz bizi-bizi egitasmoan hamaika dira Udalak antolatu dituen emanaldiak. Bizitu dute kultur etxea eta biziberritu kultur eskaintza. Ostiral honetarako ere antolatu dute ekitaldia. Arnasak izeneko ganbera-kontzertu berezia eskainiko dute Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Aitor Furundarena eskusoinu-jotzaileak.
Txistua eta eskusoinua uztartuko dituzte bi lagunek. Eta bi musika-tresna horiekin Euskal Herriko eta Europako hainbat musika joko dituzte, guztira 11 pieza inguru. Kontzerturako sarrera doan izango da, baina, ohi bezala, gonbitak aldez aurretik hartzea komeni da.