Udarako lan eskaintzetan izena emateko aukera

Karkara 2015ko mai. 4a, 08:42

Maiatzaren 8a, ostirala, bitarte egongo da udarako lanpostuetan izena emateko aukera.

Udarako lanei aurre egin ahal izateko, Aiako Udalak udal brigadarako bi lanpostu atera ditu. Peoi lana egin beharko dute bi herritarrek, maiatzean hasi eta abuztua bitarte; maiatzaren 18tik abuztuaren 18ra, hain zuzen.

Interesa duenak ondorengo baldintzak bete beharko ditu eta ondorengo urratsak eman beharko ditu lan eskaintzan izena emateko:

Adin nagusikoa izan beharko du langileak, hau da, 18 urte beteak eduki beharko ditu lan kontratua hasterako. B1 mailako gidari baimena ere eduki beharko du, eta horrez gain, Aian erroldatua egon beharko du 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen eta 2015eko apirilaren 24tik langabezian egon beharko du.

Lau dira, hortaz, bete beharreko baldintzak:

  • 18 urte beteta izatea
  • B1 mailako gidari baimena
  • Aian erroldatua egotea 2015-1-1 baino lehen
  • 2015eko apirilaren 24tik langabezian egotea

Baldintza horiek betetzen dituenak eta lanpostuan interesa duenak udaletxeko bulegoetara joan beharko du maiatzaren 8a baino lehen. Aukeraketaren berri maiatzaren 12an emango da, izen emate epea itxi eta lau egunera, eguerdiko 12:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Zozketa bidez aukeratuko dituzte bi langileak.

Informazio gehiago nahi duenak udal bulegoetara jo beharko du edo 943 13 11 44 telefonora deitu beharko du.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide