Aiako bi arnasgune

Karkara 2015eko apirilaren 29a

Futbolzale ibiltaria

Martxoaren 14a, larunbata, futbol-partidua Orioko Mendibeltzen. Begira, gizonezko bat eta emakumezko bat berriketan. Gizona gaztelaniaz ari da, emakumea euskaraz. Biak riki-raka, biek ere elkarri primeran ulertzen diotela. Gizonezkoa ez delako ondo moldatzen euskaraz hitz egiten? Auskalo! Hogei bat minutuz isildu ere egin gabe aritu dira, bakoitza hizkuntza batean, errespetu osoan, komunikazioa primeran gauzatuz.

Martxoaren 15a, igandea, Agorregiko burdinolan. Bertako gida bat kanpotar talde bati gaztelaniaz ari zaio burdinola erakusten. Beste gida bat bakarrik dago. Oinez bisitari bat iritsi da. Gidak oso adeitsu galdetu dio: bisitan al zatoz? Baietz. Euskaraz edo gaztelaniaz nahi duzu? Euskaraz, noski. Gidaria prest pertsona bakar bati instalazio guztiak erakusteko. Primeran ari da azalpenak ematen: historia, ekonomia, teknologia, olagizonen bizi-baldintzak… Bisita aurreratuta dagoela, beste hiru bisitari bertaratu dira, kanpotarrak, ez dakite euskaraz. Aurreko bisitari bakarrak gidariari esan dio gaztelaniaz egiteko aurrerantzean. Gidariak ezetz, handik gertu talde batekin ari dela gaztelaniaz bere lankidea eta talde hartan sartzeko, berak euskaraz segituko duela kide bakarreko taldean, euskararen eskaintza bermatu egin nahi duela.

Bi pasadizo asteburu batean. Protagonista Aiako bi neska: Marije eta Izaskun. Aia euskararentzat arnasgune ederra dela erakutsi zuten bi neska. Bejondeizuela! 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide