Landare bereziak baino gehiago

Karkara 2015ko api. 24a, 08:13

Datorren asteburuan, apirilaren 25ean eta 26an, Landare Berezien Azoka egingo da Iturraran Parketxean

Udaberriko zita garrantzitsuena izaten da Landare Berezien Azoka Iturrarango Lorategi Botanikoan. Mundu osoko landareak ikusi eta erosteko aukera egongo da, ingurune paregabean. Apirilaren 25ean eta 26an egingo da aurtengoa, eta 47 mintegi inguru izango dira bertan, bost kontinenteetako landareekin.

10:00etatik 18:00etara egongo da irekita azoka, bi egunetan. 4 euro ordaindu beharko dira sartzeko, eta prezio horretan sartzen da erositako landareen kontsigna zerbitzua eta ibilgailuraino garraioa.

Janari eta edari postuen gune bat egongo da azokan eta bertako produktuak salduko dituzte. Horrez gain, lorategiko inguruneetatik paseatzeko eta landare babestuen gunera bisita gidatuak egiteko aukera egongo da.

Bi aparkaleku gune egongo dira parkearen inguruan: Aiako herrigunean bata, eta Ubegun industrialdean bestea. Gune horietatik eta Zarauzko Euskotren geltokitik doako autobus zerbitzua egongo da etengabe.

Ekintza osagarriak

Parketxeak ekintza osagarriak antolatu ditu azokaren egunetarako. Hitzaldiak, erakusketak eta bisita gidatuak egingo dira.

Apirilak 25, larunbata

  • 11:30ean, Ikebana erakustaldia Maria Esnal Ikenobo eskolako irakaslearen eskutik
  • 11:30ean Iturrarango Lorategi Botanikoko landare babestuen gunera bisita gidatua, gazteleraz. 12:00etan, euskaraz
  • 12:00etan, 2princesesbarbudes talde katalanaren kontzertua azokako janari-edari gunean

Apirilak 26, igandea

  • 10:30ean, Jakoba Errekondoren Bizi baratzea, Garaian garaikoa garaiz liburuaren aurkezpena
  • 11:30ean, landare jangarri eta usaindunei buruzko hitzaldia, Alonsi Navarro Plantaromed mintegiko arduradunaren eskutik
  • 11:30ean Iturrarango Lorategi Botanikoko landare babestuen gunera bisita gidatua, gazteleraz. 12:00etan, euskaraz

Doako ekintzak izango dira horiek, baina plazak mugatuak direnez, aurrez izena ematea eskatzen dute antolatzaileek. Horretarako, iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi edo 943 83 53 89 telefonora deitu behar da.

Bestalde, apirilaren 26an, Aiako herrigunean azoka egingo da landareekin zerikusia duten produktuekin. Hamalau postu egongo dira herriko plazan eta, horrez gain, Ikebana tailerra eta puzgarriak egongo dira.

Ikebana tailerra Kultur Etxean egingo da 11:00etatik 12:30era. Hogei lagunentzako tokia egongo da tailerrean, eta 15 eurokoa da prezioa. Prezioan sartzen da Ikebanak egiteko materiala eta amaitzean parte-hartzaileek beren sorkuntzak etxera eman ditzakete. Izena emateko euskado@gmail.com helbidera idatzi edo 630 096 773 zenbakira deitu behar da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide