Ondoez arinak sendatzeko ikastaroa

Karkara 2015ko api. 16a, 09:11

Sendabelarrak prestatzen irakatsiko dute asteburuan, larunbatean eta igandean, Iturraranen. Ikastarorako plaza guztiak ia bete dira.

Etxeko botikinerako sendabelarrak, ondoez arinetarako erremedioak prestatzen ikasteko tailerra antolatu du Aiako Iturraran Parketxeak. Bi saio izango ditu ikastaroak; lehena, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara; eta, bigarrena, igandean, ordu berean. Saio bakoitzean 30 lagunek hartu dezakete parte, eta, jendearen interesa handia izan denez, izen emate ia bete egin da.

Clara Gutierrez izango da ikastaroa emango duena, irakaslea, eta lau orduko ikastaroan sendabelarrak identifikatzen eta sendagaiak egiten ikasiko dute. Bereziki ondorio arinak sendatzen dituzten sendagaiak egiten erakutsiko die Gutierrezek.

Ikastaroak izan duen interesa ikusita, Iturrarango Parketxeko antolatzaileek aurrerago beste bat egitea ez dute alboratzen, jada ikastarorako toki gehienak bete baitira. Dena den, izena eman nahi duenak edo informazioa lortu nahi duenak 943 83 53 89 zenbakira deitu dezake edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide