Baserritarren topalekua azoka izaten zen astegunetan, eta elizako ataria, jaietan. Baserriko lana hogeita lau ordukoa eta egunero egin beharrekoa da; eta, baserritar asko, baserrirako bizi dira. Sozializatzeko denbora gutxi, lagunartean aritzeko ohiturarik ez. Horrekin apurtzeko eta tabuak hausteko bildu ziren eskualdeko emakume baserritarrak. Hitzez elkartea sortu zuten eta urte luzeetan isilpean gordetakoak ozen esan ahal izan zuten. Arantxa Eizmendi eta Ziortza Balerdi ama-alabak ozeanoaren bestaldean –Bolivian– izan dira Hitzez elkartearen esperientzia partekatzen.
Nolatan sortu zitzaizuen Boliviara joateko aukera?
Ziortza Balerdi: Iaz Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hainbat elkarte Arkauten bildu ziren, beren esperientzia trukatu eta elkar ezagutzeko. Getxoko GKE batek Bolivian lau urteko proiektua zuela azaldu zuen, emakume ekintzaileei buruzkoa. Bilgune horretan ezagutu gintuzten, eta hortik egin ziguten berekin Boliviara joateko gonbita.
Boliviako, Kolonbiako eta Peruko errealitateak ezagutzeko aukera izan genuen, herrialde horietako guztietako emakumeak ezagutu baikenituen.
Guk laguntza taldeen proiektua aurkeztu genuen. Horrez gain, Zumaiako neska bat etorri zen gurekin. Berak landetxeen proiektua azaldu zuen, eta oso harrera ona izan zuen. Gainera, han badago aukera horrelako proiekturen bat aurrera ateratzeko, guk ere landa- turismo moduko batean hartu baikenuen ostatua.
Zailtasun gehiago izango dituzte, ordea.
Arantxa Eizmendi: Baldintza txarretan bizi dira, oso. Baliabide gutxi dituzte, baina dituztenak erabiltzen ere ez dakite. Zerbait praktikoa egiten erakutsi behar zaie, eguneroko ogia atera ahal izateko.
Balerdi: Oso zaila da han emakumeak zerbait egitea, saltzera joateko, hirira, hiru ordu ibili behar baitituzte.
Eizmendi: Gogoa badute emakumeak bildu eta egoera aldatzeko. Baina han borroka egitea zaila da, oso zapalduta baitaude. Testigantza oso gogorrak entzun genituen.
Balerdi: Gizon batek alkohola edaten zuen eta emaztea jotzen zuen. Uzta garaia pasa zenean, dirurik ez zegoenez eta alkoholik edan ezin zuenez, semea saldu zuen.
Hemen beste era batera bizi al gara?
Eizmendi: Goizean seme-alaba etxetik atera eta ez dakite bueltatuko den ala ez. Eguneroko bizirautea bizi dute han.
Balerdi: Hemen daukaguna asko baloratzen duzu hangoa ezagutzean. Gero, egunerokotasunean sartu eta ez duzu horren presente izaten, baino...
Zer pentsatua eman dizue, behintzat.
Eizmendi: Larre motxean bizitakoak gara gu. Ni neska koxkor garaietara joan nintzen bidaia horretan, haurra nintzen garaietara, eta ahaztuta neuzkan gauzak gogorarazi zizkidan. Denboran atzera joatea izan zen Boliviara joatea.
Dena den, orain, hemen, ezberdina da. Kontsumismoan sartu-sartuta gaude. Gero eta gehiago nahi dugu, nahiz eta soberan daukagun. Gu ez ginen horrela hezi, eta uste dut gehiegizkoa dela egungoa.
Balerdi: 4.000 metroko altueran ibili ginen. Argi-indarreko posteak jarrita zeuden eta esperantza zuten argia izateko. Argia izanez gero, telebista jarriko zutela esaten zuten. Ez dakite idazten ezta irakurtzen –zinegotzi bat ezagutu nuen duela sei hilabete ikasi zuena sinatzen–, baina guztiek dute mugikorra. Gure eredua jarraitzen dute.
Zer diote gutaz?
Balerdi: Hemen oso ondo bizi garela uste dute, eta horrela da. Askotan iruditzen zaigu hemen gaizki bizi garela, baina horrelako tokietara joaterakoan ohartzen zara zoragarri bizi garela.
Eizmendi: Leku zoragarrian eta aukera askoko tokian bizi gara.
Balerdi: Ustedes se llevaron la plata de aqui, esaten ziguten, hango mahastietako eta bodegetako jabeak espainiarrak baitira.Industria hori espainolen eskuetan dago.
Eizmendi: Guk esaten genien euskaldunak ginela. Ez zeukaten Euskal Herriaren berri eta hori ere azaldu
behar izan genien.
Nola egin dezakete Bolivian aurrera?
Eizmendi: Haurrak eskolaratzen ari dira, eta hori ona da, jakintzak indarra ematen baitu. Baina, nik uste dut, praktika ere erakutsi behar zaiela.
Balerdi: Proiektu berriak ere badituzte martxan, eta guk azaldutako guztia ere apuntatzen zuten. Gogotsu zeudela ikusten zen.