“Txirrindulariak ibilbidean dauden bitartean herria itxita egongo da ”

Karkara 2015eko martxoaren 31

Inoiz bizi ez duena biziko du Aiak apirilaren 10ean eta 11n: Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia herrian amaituko da. Lan handia eskatzen du antolakuntzak, eta horretan ari dira buru-belarri Iturain eta Gonzalez de Txabarri.

Laurentxi Iturain eta Joxe Mari Gonzalez de Txabarri
EHko Txirrindulari Itzuliko Aiako etapen antolatzaileak

Gainezka egingo du Aiak apirilaren 10ean eta 11n: autobusak, kamioiak, bizikletak, txirrindulariak eta jende mordoa etorriko dira Euskal Herriko Itzuliaren amaieraren harira. Ostiralean Eibarren hasitako probak Aia izango du helmuga; eta igandeko proba, erlojupekoa, Aian hasi eta amaituko da.
Lan mordoa eskatzen du hori guztia antolatzeak, eta 2014ko irailetik ari dira lanean Joxe Mari Gonzalez de Txabarri –1963– eta Laurentxi Iturain –1973– antolakuntza taldean.

Euskal Herriko Itzulia Aiara dator, nola ari zarete antolatzen?

Talde batzuk osatu ditugu, bakoitza bere lanarekin: azpiegitura, bidegurutzeak eta komunikazioa. Azpiegituran indar handia jarri behar da: 20 bat autobus eta 60 auto inguru etorriko dira Aiara, eta horiei guztiei tokia egitea ez da erraza. Komunikazio taldea informazioa emateaz arduratzen da. Webgunean jartzen da guztia, eta bilerak antolatzen dira herritarrei informazioa emateko.

Noiztik ari zarete antolaketan?

Duela bi edo hiru urte eskaera egin genuen Euskal Herriko Itzulia Aiara etortzeko. Oriotarrak Kirol Antolakuntzak taldearen laguntzarekin egin genuen eskaria. Behin baiezkoa jasota, irailean, festak pasa ondoren, lanean jarri ginen buru-belarri.

Dozena erdi bat laguneko taldea elkartu ginen eta bilera mordoa egin ditugu Itzuliaren antolatzaileekin. Gai nagusiak berekin zehaztuta, boluntarioak bilatzen eta taldeak sortzen jarri ginen.

Zenbat boluntario behar dituzue?

Itzulia  antolatzeak lan handia dakar: 100 pertsona inguru behar ditugu dena ongi joateko. Ibilbiderako 70 behar dira eta beste 30 kaskoan egoteko. Agerreko aldapan –Aiako pareta deitzen zaiona–, adibidez, boluntario mordoa behar da. Malda handiko bidea da, bi aldiz pasatzen dira hortik txirrindulariak eta jendeak gertutik ikusi nahi izaten ditu.

Horrelako ekitaldi handi batek zer ekartzen du Aia bezalako herri txiki batera?

Erronka handi bat. Itzuliaren amaiera aurrez izan dugu Aian, baina ez bi egunetan. Azken etapak –Aian hasi eta Aian amaitzen denak– azpiegitura guztia herrian bertan izatea eskatzen du, eta bere lanak ematen ditu.

Bestalde, ikusgarria ere izango da arrazoi beragatik. Polita izango da herrian sortuko den giroa: talde guztiak hemen egongo dira, txirrindulariak alde batetik bestera, beroketak egiten, bizikleta guztiak...

Egun horietan bertan nola egongo da herria?

Herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien jartzen saiatuko gara, baina egunean bertan herria itxiko da ordu batzuetan. Bilerak egin ditugu informazioa emateko, guztiek aurrez jakin dezaten.

Apirilaren 10ean ezer gutxi eragingo du, bazkalostera arte ez baita itzulia Aiara iritsiko. Gainera, ibilbidean datozenez, lasterketa pasatzen denean bakarrik itxiko da errepidea. Larunbatean, ordea, apirilaren 11n, herria itxita egongo da txirrindulariak ibilbidean dauden denbora guztian, gutxi gorabehera 13:00etatik 18:00ak arte.

Jende eta baliabide asko ekarriko dituzte antolakuntzakoek. Nola antolatuko duzue herria?

18 edo 20 talde inguru datoz, ETBren kamioiak... guztia kaskoan sartu behar dugu. Autobusak Armendigainen jarriko ditugu, taldeak eskola ondoko aparkalekuan, epaileak futbol zelaian eta prentsa botika atzeko aparkalekuan. Kamioiak Andatzan utziko ditugu, ez baita guztientzat tokirik izango kaskoan.

Eta kanpotik etorri nahi duenak?

Kanpotik autoz etorri nahi dutenek ezin izango dute herriraino igo, edo ez dute kotxea uzteko tokirik izango. Horregatik, Andatzan aparkaleku handi bat jarriko dugu eta autobusak egongo dira bost minuturo Aiara igotzeko. Kaos bat izan daiteke bestela.

Herritarrei ere, garaje itxiak badituzte, egun horretan autoak bertara sartzeko eskatuko diegu, tokia egiteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide