Pharrel Williamsen doinuak aiatartu ditu Sonia Realek. Aiarrak dantzan jarri ditu Aiako hainbat txokotan, herria ezagutarazteko helburuarekin eta, noski, zoriontasuna sentitu eta transmititzeko xedearekin. Aiarrak Aian happy bizi direla erakusteko, alegia.
Igandean aurkeztu zuen bideoklipa herriko frontoian, arratsaldeko 18:30ean. Jende ugari gerturatu zen, herritar asko. Talo-jana zela eta, mugimendu asko zegoen herrian eta horrek ere eragina izan zuen. Batzuk taloa eskuan, besteak taloa jada janda; batak nahiz besteak, guztiak bildu ziren frontoiaren estalpean.
Asko gustatu zen ikusitakoa. Eta egilea, Sonia Real ere sentsazio onarekin gelditu zen. Batez ere jendearen parte hartzea da azpimarratuko lukeena, bere ustetan, ezin hobea izan baita. Hasieratik bukaerara laguntza handia jaso dutela gehitu du. Emaitza teknikoa ere gustatu zaio. Bai berari, bai aiarrei ere.