Lehen tertulia dialogikoa otsailaren 19an izango da

Karkara 2015ko ots. 17a, 10:30

Hezkuntzari eta pedagogiari lotutako gaiak jorratuko dituen foro irekia hasiko da ostegun honetan. Bilkurak Aiako Lardizabal Eskolan egingo dituzte.

Gatazken kudeaketa eta gurasoen arteko harremana lantzeko sortu dute Tertulia dialogikoak. Aiako Lardizabal Eskolan sortutako, baina herrira zabaldutako ekimena. Iazko ikasturtean inkesta bat egin zuten eskolako Bizikidetza Behatokikoek, eta arlo horri lotutako iritzien ezberdintasuna ikusita, tertulia dialogikoak antolatzea erabaki zuten.

Bakoitzak bere ikuspuntua askatasun osoz eman ahal izango du. Foro irekia da. Testu, esaldi, irudi edo bideo bat izango da hausnarketarako bidea emango duena, hizketarako aitzakia. Irakurri edo ikusitako horrek sortutako sentipena, iritzia, emozioa... horiek eztabaidatuko dira, bata bestearen gainetik jarri gabe, elkarri hitza eman eta entzunez.  Lehendabizikoa da ostegunekoa, otsailaren 19koa. 

Hezkuntzari eta pedagogiari lotutako gaiak jorratuko dira, gatazken kudeaketa eta harremanen ingurukoak. Lehen saioan bizitzako une latzenak nola bizi ditugun landuko da, 20 euroko biletea testutik abiatuta. Testua aldez aurretik irakurtzea komeni da, bain ez da derrigorrezkoa.

Foroa arratsaldeko 17:00etan izango da, Lardizabal eskolan bertan.

Lehen saiorako testua

Goiz batean, irakasleak bere ikasleei begiratu eta adi, oso adi egoteko eskatu zien. Irakasleak poltsikotik 20 euroko biletea atera zuen, zabaldu eta ikasleei erakutsiz.

-Zuetako nork nahi du bilete hau?, galdetu zien.

Ikasle guztiek altxa zuten eskua. Irakasleak irribarre eginez, biletea esku artean gogor estutu zuen pilota forma eman arte. Orduan, berriz:

- Zuetako nork nahi du bilete hau?, galdetu zien.

Ikasle guztiek jaso zuten eskua berriro ere. Hori ikusita, irakasleak biletea lurrera bota, behin eta berriz zapaldu zuen.

-Oraindik 20 euroko bilete hori nahi duzue?, galdetu zien.

Ikasle guztiek aho batez baietz erantzun zuten. Irakasleak irribarre egin zuen. Ikasleak zur eta lur gelditu ziren. Ez zuten ezer ulertzen. Ez zekiten irakaslearen asmoa zein zen. Batzuk irakaslea txoratzen hasita zegoela pentsatu zuten. Ikasleen ezinegonaren aurrean, irakasleak horrelaxe hitz egin zien: 

- Ikusi duzuena ikusita, espero dut gaur zuen bizitzarako oso garrantzitsua den ikasgai bat ikastekotan egongo zaretela. Zimurtuta, zapalduta eta zanpatuta egonagatik, denok nahi izan duzue 20 euroko biletea. Inork ez du zalantza izpirik eduki. Gogor, mespretxuz, zimurtu eta zapaldu dudan arren, bileteak ez du bere balioa galdu. 20 euroko biletea izaten jarraitzen du.

Ikasleengan aurpegi arraroak ikusita, erantsi zuen:

- Sarritan, bizitzan, iraindu, baztertu, gutxietsi gaitzakete eta min eman diezagukete. Arazoek lur jota utzi gaitzakete, zanpatuta edo zapalduta sentitu gaitezke. Segundo gutxi batzuetan hutsaren hurrengo sentitu gaitezke. Horrelako egoeretan gaurko ikasgaia gogora ekartzea garrantzitsua izango da. Gauzak oso gaizki datozkigula edo bizitzak iruzur egiten digula sentitzen dugunean, hondoratuta sentitzen garenean… inoiz ez dugu ahaztu behar zein den gure benetako balioa.

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide