Joseba Ostolazaren esanetara ibiltzen dira, harria jaso eta jaso, lokalean, lau pareten artean. Entsegu gelatik atera eta plazara joango dira igande honetan Ostolazaren lau ikasle. Aiako probalekua izango dute plaza, eta aurretik hautsi nahi dituzten lau marka.
Marka ahaleginetatik bi, marka ofiziala lortzeko saiakerak izango dira. Bata, Idoia Etxeberriak egingo du 11 arroako zilindro zaharrekin. Bost minutuko saiakera izango da, 138 kiloko harriarekin. Orain arte, emakume batek ez du sekula horrelako zilindro pisutsurik jaso.
Bestea, Jokin Eizmendi zarauztarrak egingo du. 225 kiloko errektangularra, 200 kiloko zilindroa, 175 kiloko kubikoa eta 150 kiloko bola erabiliko ditu bi minutuko txandatan. Garai batean Euskadiko Harri Handien txapelketan erabiltzen ziren harri horiek, eta Eizmendik iaz Euskadiko Harri Handien txapela jantzi zuen.
Marka ofizialak ez, baina errekor pertsonala egiten saiatuko dira Jon Ander Maiza eta Imanol Illarramendi. Sorabillako harri-jasotzaileak 150 kiloko zilindro zaharrarekin bost minutuko saiakera egingo du; aiarrak, ordea, 163 kiloko zilindro zaharrarekin egingo du saiakera. Imanol Illarramendi lehen aldiz irtengo da plazara. Bere debuta izango da igandekoa.
Bost euroko sarrera oraindik beharko da Aiako Idi Proba Elkarteak, Aiako Udalak eta Euskadiko Herri Kirol Federakundeak antolatutako marka ahaleginak ikusi ahal izateko.