Duela pare bat aste zapping egiten ari nintzelarik Gran Torino pelikula suertatu zitzaidan ETBko lehenengo katean. Zinean ikusi nuen bere garaian eta asko gozatu nuen, beraz, zapping egiteari utzi eta filma ikusi nuen.
Aitortu beharra daukat Clint Eastwoodek zuzentzen dituen ia film guztiak gustatzen zaizkidala, baita berak egiten dituen paper guztiak ere; batzuetan sinplea naiz.
ETB 1ean, ordea, euskaraz bikoiztua ikusi nuen. Tripetan ziztada bat sentitu nuen, burua berotzen hasi zitzaidan eta minutu erdi baten burua agoniatu eta katez aldatu nuen. Zapping egiten hasi nintzen berriz ere. Ez dakit irakurleari inoiz antzekorik pasa zaion euskarazko pelikula bikoiztuekin, ziurrenik bai. Nik behintzat katez aldatzeko premia sentitu nuen.
Iñaki Beraetxek jartzen dio ahotsa. Iñaki, barkatu, ez zaitut ezagutzen, baina nola ausartzen zara Clint Eastwooden boza lapurtzen? Pelikula bat bikoiztua ikustean, aktorearen interpretazioaren zati handi bat ari gara galtzen; pelikularen kalitate artistikoaren zati handi bat desagertzen da.
Nik ez ditut Iñaki edo Constatino Romero entzun nahi, jatorrizko pelikula nahi dut! Hain onak dira Espaininan egindako bikoizketak, jatorrizko bertsioa bezain onak, ia hobeak... bejondeiela! Hemen ez gara hain inozoak, ez genuke izan beharko behintzat, jatorrizko pelikula lapurtzen baitigute. Berdela ere jan daiteke parrillan baina ez deitu bisigua; esan berdela dela!
Baina errua ez da aktoreena noski ezetz, ardura politikariengan dago. Zergatik gastatu hainbeste diru inork euskaraz bikoizketak ikusten ez baditu? Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak gehitu behar ditu ikusle-kuota bat ezarriaz; gure bizilagun Frantsesek egiten duten bezala, leihatilako salmenten portzentaje bat zerga moduan erabili beren estatuko pelikulen produkziorako. Urtean euskal pelikula kuota bat ezartzean dago gakoa.
Aldi berean kalitatezko euskarazko zine bat egiteko, konplexurik gabea, atzerriko zinea ikusi behar da. Ezin da kalitatezko zinerik egin kalitatezko zinea kontsumitu gabe, idazle bikaina izateko irakurle bikaina izan behar den bezalaxe, eta, horretarako, pelikula asko ikusi beharra dago. Biak dira posible: pelikulen azpitituluak egitea jatorrizkoen kalitatea babesteko eta euskal zinema sustatzea kupo baten bidez. Frantsesak baino gutxiago ez gara izango.