Udazkenaren azkenetan

Peru Iparragirre 2014ko aza. 28a, 15:17

Udazkenaren azkenetan, hemen honezkero jarri dituzte Gabonetako argiak. Baina kaleek triste jarraitzen dute, eta kalean jendea ere beti bezain triste dabil, beti bezain pozik. Orain arte baino arropa geruza gehiago pilaturik soinean. Zuhaitz apurrak ordea biluzten doaz, geratzen zaizkien azken hostoak gorrituz, haize ufadaren batek botako dituen arte. Zerua, zerua zilar kolorekoa da egunotan, zilarrezkoak noizbehinka zerutik erortzen diren tanta hotzak. Eta tximinietatik ateratzen den ke zuria jarraituz begirada goraino iristerako ilundu ohi du. Leihotik begira azkar pasatzen dira orduak. Usoak beti dabiltza joan etorrian, ea nork emango eskutik ahora maitasun apurrik, banku batean eserita edo kale bazterrean zutunik.

Noizean behin beste txori batzuk ere ikusten ditut, baina haien izena ahaztu eta memoria zukutu nahian aurrera jarraitzen dut bidean. Sirena hotsak entzuten dira, urrutian batzuetan, gertuago besteetan. Urdinez jantzitakoak ere sarri ikusten dira auzoan. Astelehenero, periferikoaren zubipetik igarotzean lehen lapurren merkatua eta orain pobreen merkatua deitzen dutena zeharkatzen dut autobusean. Egia esan, iluntze aldera dagoeneko ez da askorik geratzen, bazterretan inork nahi ez zituen gauzen arrastoak, plastikozko poltsa zulatuak eta, euria egin badu kartoi busti zati barreiatuak ere ikus daitezke kristalaren beste aldeko espaloi zabalean zehar.

Asteartean berriro bertatik pasatzean etsigarriki hutsik egon ohi dira astelehenean jendez gainezka zeuden bazterrak. Nabari da presio handiz isuritako ur, xaboi eta kimiko litroek ez dutela ezertarako balio, ez dute lortzen jendeak eta denborak bertan utzitako ubera ezabatzea. Itxitako pertsianetako pintadak isilik gastatzen doaz, etxe zaharrak ere azkenetan. Luxuzko dioten artelanak saltzen dituzten dendetako erakusleiho garbi, argi, eta zainduen parean paperak eskatzen dizkiote norbaiti egunero. Hemen ere fabriketako kea behe­lainoarekin nahasten da orain. Baina oroitzapenik ez zebrabide eta autoen irrist hotsekin nahasteko.
Udazkenaren azkenetan, denborak aurrera darrai, eta sentipena dut gutako asko arrastaka garamatzala atzetik. Eta ostertzera begira badakit han urrutian –hain gertu– zelaien gainean eraikitzen ari diren etxe­orratzak ez direla guretzat izango.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide