Ilusioa da hitza. Kataluniako eta Euskal Selekzioko ordezkariek ilusio handia dute elkarren aurka jokatuko dituzten hiru partidei aurre egiteko. Gogoa ere badute, festa giroko norgehiagoken eguna iristeko. Poza, emakumezkoen partida jokatuko delako. Esperantza, etorkizunari begira aurrerapausoak emateko.
Urte amaierako neurketen zikloa amaitu da. Aurrerapausu bat eman behar dugu. Hurrengo neurketak FIFA egunetan jokatzea izan behar da erronka, adierazi zuen Jon Rendondo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariak aurkezpenean.
Aiatik autobusa partida ikusteko
Hiru partida jokatuko dira guztira: areto futbolekoa, emakumezkoena eta gizonezkoena. Azken hau abenduaren 28an, igandean, izango da. Euskal Selekzioak Kataluniaren aurka jokatuko du San Mames futbol zelaian. 100 urte beteko dira elkarren aurka lehen aldiz lehiatu zirenetik.
20:30ean hasiko da eta Aiatik autobusean joateko aukera egongo da. Horretarako izena eman behar da Kultur Etxean edo Gaztelekuan, eta 25 euro ordaindu. Prezio horrekin autobusaz gain partidua ikusteko sarrera ere eskuratuko da. Arratsaldeko 16:30ean aterako da Bilboruntz autobusa eta gaueko 00:00ak aldera itzuliko da, partida amaitzean.