Gazte-gaztetan hasi zen palan jokatzen Eizmendi. Lagunartean aritzen zen, hamar lagun inguruko koadrilan. Denborarekin, pixkanaka-pixkanaka, pala utzi eta beste kiroletara joan ziren bere taldekideak. Berak, ordea, pala ezin du utzi. Astebete igarotzen badut palan jokatu gabe, faltan sumatzen dut, aitortzen du.
Askapen bidea da aiarrarentzat pala. Gozatzeko modua. Lehiatzeko aukera. Gaztea den arren, asko eman dio palak Eizmendiri; baina, berak, oraindik asko du emateke kirol honetan. Gaur bertan Emakume Pilotari txapelketako finalaurdekoa jokatuko du, Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Irabazteko aukerak ikusten ditu, finalerako txartela eskura dezaketelakoan dago. Txapelketa honetan jokatu dugu Otaegi eta Arriolaren aurka, 19 eta 25 irabazi genien. Egun txarrik ez badaukagu, sailkatu gaitezkeela uste dut. Behin irabazi badute, bigarrenez irabaztea posible dela uste du aiarrak.
Arratsaldeko 17:00etan izango da partida, Tolosako Beotibar piotalekuan. Partidetan nahiko lasai egoten den arren, gaurkoa hil ala bizikoa dela eta, artega jarriko dela aurreikusten du. Galduz gero, kanpora goaz; sailkatuz gero, finalera. Horrelako partidetan, nahi ala ez, urduri jartzen naiz, dio pilotariak.
Gogo handia du partidarako. Kontzentrazio handiarekin egoten da frontoian, eta gaur ere kontzentrazioa beharko duela azaldu du. Ikusle gutxi badago, lasaiago egoten dela aitortu du, baina, oro har, palan hori sekula ez dela arazoa gaineratu du. Zale gutxi dituen kirola da. Aian, hasi ginean, mordoxka ibiltzen ginen. Orain, bi bakarrik gabiltza. Biok nire aitarekin entrenatzen dugu.
Bera, aita bezala, entrenatzailea da. Haurrak entrenatzen ditu. Haur dezente ibiltzen da, maila bakoitzean talde politak osatu dira eta hori pozgarria da, aitortu du. Arazoa gaztaroan ikusten du, palan jokatzen duten haurrek beste kiroletara jotzen baitute. Eizmendiri palak indar gehiago izatea gustatuko litzaioke; etorkizunera begira kirol hori hauspotzea gustatuko litzaioke.
Dena den, etorkizun hurbilean, gaurko partida du buruan.