Bost milioi inguru; 4.971.841 euro, hain zuzen ere. Hori da Aiako Udalak onartu duen aurrekontua datorren urterako. Inbertsio nagusiak zortzi alorretan egingo dira: Lardizabal Eskolako proiektuan, Santio Erreka auzoko Evai industriaguneko hiritartze lanetan, Santio Erreka auzoko haur parkean, bide eta azpiegituren egokitzapenean, turismo garapenean, beste proiektuen ikerketarako, liburutegiko fondoetan eta argiterian energia aurrezteko lanetan.
2.700.000 euro Lardizabal handitzeko
Zortzi proiektu horietatik aurrekontu handiena Lardizabal Eskolaren handitzeak dauka, 2.700.000 eurokoa. Gastu honi aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak eta Eusko Jaurlaritzarenak jasotzea espero du Iturainek. Anbizio handiko proiektua da. Lan asko eskatuko digu diru kopuru hori biltzeak, eta, ondoren, ondo kudeatu behar da, azaldu du. Aritz Arrutik kudeaketa arduratsua egin behar dela esan dio Ituraini. Udalak eskolako obrarako 1.432.000 euroko mailegua eskatu duela azaldu du, eta, bien bitartean, Elkano auzoan egin duela inbertsioa. Diruaren kudeaketan akatsak ikusten ditu Bilduko kideak.
Lur Alkartasuna Kooperatibak ere emango du dirua, 216.000 euroko ekarpena egin du eskolaren azpian egingo duten lokala egokitzeko. Halaber, Arrutiren ustetan herritarrei ez zaio obra honen guztiaren berri garaiz eman eta kooperatibaren egoitzarekin zer egingo den ere ez dela argitu salatu du. Iturainek erantzun dio urte hasieran herritarren aurrean aurkeztu zela proiektua, hortaz, jakinaren gainean daude.
Santio Errekan bi inbertsio
Santio Erreka auzoan bi obra nagusi egingo dira. Batetik, Evai industriagunean hiritartze plana egingo da. Horretarako 216.00 euro beharko dira. Bestetik, auzoko haur parkera ere bideratuko da aurrekontuen zati bat; 25.000 euro, zehazki.
Gainerako bost proiektuetarako 103.500 euro
Bide eta azpiegituren egokitzapenerako 60.000 euro erabiliko dira. Turismoaren garapenean ere jarriko dute fokua eta 30.000 euro erabiliko dituzte horretarako. Beste proiektuen ikerketarako 6.000 euro gastatuko dituzte, hau da, etorkizunean garatu daitezkeen proiektuak aztertzeko. Liburutegiko fondoetarako 5.000 euro gastatuko dira eta argiterian energia aurrezteko lanak 2.500 euroko kostua izango dute.
Hondakinen birziklapena
Aritz Arrutik EAJk hondakinen gaikako bilketan iniziatiba gutxi duela esan du. Ahalegin handiagoa egingo balitz hondakin kilo gutxiago sortuko liratekeela gaineratu du. Iturainek erantzun zion Udala esfortzu handia egiten ari dela.
Lehen alean, lehen kexak
Abenduaren 9an kaleratu zen Aian Berri aldizkariaren lehen alea. Gutxienez hilean behin argitaratuko da aldizkaria, baina maiztasun handiagoa izan dezake albiste asko badaude. Udalean hartzen diren erabakien berri emateko erabiliko da.
Arrutik, ordea, Udalean hartzen diren erabaki guztien berri ematen ez dela kritikatu du. Aniztasuna bermatzeko eskatu du Bilduko kideak. Iturain landuko diren gaiak bien artean adosteko prest agertu da.