Iaz antolatu zuten lehen aldiz Orioko Txakurkros Solidarioa. 80 lagunek hartu zuten parte; kopuru polita, antolatzaileen ustetan. Lehen edizioaren arrakasta ikusita; aurten, bigarrenez antolatu dute lasterketa. Igandean izango da, goizeko 11:00etan, Hondartzatik irtenda.
Katu Horia albaitaritza klinikak antolatzen du ekimena Orioko Udala, Txikas de Etxauri, Dixidu, Goiko, Non-stop, Royal Canin eta Arionen laguntzarekin. Udaletik jasotako babesa eskertu nahi dute antolatzaileek, kostu handiko azpiegituren ardura beregain hartu baitu Orioko Udalak.
Lehengo urteko ibilbidearen antzekoa izango da, aldapa bat gutxiagorekin. Hondartzan hasi eta Itxaspera igoko dira, handik Kukuarriko buelta egingo dute, nekazaritza turismora jaitsiko eta hondartzan amaituko da. 8.5 kilometroko ibilbidea izango da, eta irteera baino lehen ibilbidearen bilera egingo dute, dudak argitzeko. Antolatzaileek azpimarratu dute txakurren kirola dela eta ez berekin doazen korrikalariena. Pasa den urtean korrika ibiltzen ziren askok eman zuten izena, baina garrantzitsua ez da pertsona kirolari ona izatea. Txakurra da protagonista eta berek eman behar dute lasterketaren kontrola, argitu dute antolatzaileek. Txakurren atzetik joan behar da korrika, eta ez aurretik. Tiraka doan lasterkariari penalizazioa jarriko zaio; eta, federatuta egonez gero, federazioan ere jarriko diote zigorra.
Lasterketaren helburua ez da irabaztea, txapeldun izendatzea, dirua biltzea baizik. Izen-emate dirua Txikas de Etxauri elkarteari emango zaio. Abandonatutako txakurrak jasotzen dituzte, zaindu eta adopzioan emateko helburuarekin. Hortaz, ekimenaren muina, bakarrik dauden animaliei laguntzea da.
Izena www.herrikrossa.com helbidean egin daiteke, baita egunean bertan ere. Goizeko 9:00etan hasiko da izen ematea, albaitari azterketarekin batera. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte; gainontzekoek,
18€. Halaber, dirua ez dute soilik izen ematearekin bilduko; izan ere, lasterketa amaitzean pintxo begetarianoak salduko dituzte.