Hautsak harrotu ditu zaborraren kudeaketak

Karkara 2014ko aza. 27a, 08:38

Azken plenoan aldeko eta kontrako iritzi asko ekarri zituen 2015eko Ordenantza Fiskalak: EAJk alde bozkatu zuen eta Bilduk kontra.

Zaborraren tasa, uraren faktura eta etxez etxeko gizarte zerbitzuen tasak igo egingo dira. Horrela adostu zuten azken plenoak EAJren aldeko sei botoekin eta Bilduren kontrako birekin. Honela, aurrera eramango dira 2015ko ordenantza fiskalak.

Zaborraren tasa %10 igoko da eta hiru hilero 4,46 gehiago ordaindu beharko du familia bakoitzak. Uraren fakturak %5 igoko dira eta gizarte zerbitzuaren prezioa 9 eurotik 12 eurotara igoko dute datorren urtean.

Zaborraren tasan eta etxez etxeko zerbitzuan desadostasunak

EAJk aldeko bozka eman zuen tasek ematen duten zerbitzua ordaindu behar dutela argudiatuz. Datorren urteko zabor kontuetako gastuak 223.000 eurokoa izango dela kontuan hartuta, sarrerak igo beharrean gaude, honela igoera honekin 219.000 euro jasoko genituzke. Ia, ia gastuak berdinduz, irizten dio Igor Iturainek. Amaia Guruzetarentzat, aldiz, organikoarekin konposta egiten dutenei hobaria ematea da gakoa. Honela, hondakinen kontzientzia landuko dugu, argudiatzen du.

Etxez Etxeko laguntzaren kasuan, zerbitzu sozialetatik proposatutako egokitzapena dela dio Iturainek. Nahiz eta orduaren kostua 18 euro ingurukoa izan, guk 12 euro aplikatzen ditugu eta gainontzeko zatia diruz laguntzen dugu. Guruzetarentzat, zerbitzua beharrezkoa izanik, tasek ez lukete igo behar.

EAJk zaborraren banaketa hobeto eta gehiago egitea sustatu nahi du, hori da beren helburua. Herritarrei hori betetzeko ahaleginak eskatu eta eskatzearekin batera beren esfortzua errekonozitzeko beharra ere ikusten dute. Horretarako, berentzat modurik eraginkorrena bilketa mankomunitateak egitea litzateke. Bilduk gaineratu du Mankomunitateari proposamena egin zietela eta azterketa egiten ari direla eskualdea errefusaren bilketa mankomunitateak kudeatzeko. Hondakin guztien kudeaketa berek egiten dutenez, errefusarena berek egitea efizienteagoa izango dela iruditzen zaie.

EAJk, bestalde, herritarrei esfortzuak emaitza onuragarriak ekartzen dituela azaltzeko beharra ikusten du. Jasotzen denarekin zer egiten dugun erakutsi behar dugu, eta hori ez dut uste gaur egun egiten denik. Izan ere, eta batik bat organikoarekin, Gipuzkoak ez dauka baliabiderik jasotzen den guztia tratatzeko, azaldu du Iturainek.

Guruzetak gogora ekarri du Iturainek azaldutako kezka Orion jaitsiera egon delako, udaran, birziklapen tasan. Guruzetak dio aipagarria dela hiru urtetan eskualde osoan egin den igoera, eta, Aian, igoerarik ez dela izan. Berek aiarrak direla eta beren herrian jarri behar dutela fokua gaineratu du. Aian 2011an birziklapen tasa %23,90ekoa zen; egun, %20,41ekoa da. Borondate politikoa behar da aldatzeko, bestela ez da tasa igoko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide