Azaroaren 6an bildu ziren Uhartemuño elkartean Andatzako auzotarrak eta Aiako alkatea. Aiako auzo eskola izan zen eraikuntzaren etorkizuna zein izango den erabakitzeko elkartu ziren. Duela bi urte arte eskola izan zen eraikina baina, behin funtzio hori alde batera utzita, eraikina medikuaren kontsultetarako bakarrik erabiltzen da.
Ia hutsik dago hortaz eraikina, hautsa hartzen. Hori aldatu nahi dute auzotarrek, baita Udalak ere. Berekin kontaktatu gabe Udalak ez duela inolako erabakirik hartuko argi utzi genien auzotarrei, argitu du Igor Iturain Aiako alkateak.
Hortaz, bilera bat egitea erabaki zuten. Azaroaren 6ko bilkura izan zen lehen pausoa. Auzoko etxeetara iritzia emateko aukera zabaltzea adostu zen. Honela, prozesuan nahi duen orok hartu ahal izango du parte. Etxeetara paperak bidaliko ditugu, beren proposamena idazteko, azaldu du Iturainek. Etxebizitza bakoitzak proposamen bat aurkeztu ahal izango du eta guztiak azaroaren 30ean bilduko dira. Egun horretan eskolako eraikinean kutxa bat jarriko dugu proposamenak jasotzeko.
Ordu erdi izango dute horretarako, 12:00etatik 12:30era bitarte. Proposamenak aurkezteko epea itxita bilera egingo da han bertan. Jasotako aukera guztiak irakurriko dira eta bozka gehien jaso dituenarekin hasiko gara lanean, dio Aiako alkateak. Horretarako auzotarrek eta Udaleko ordezkariek talde bat osatuko dugu.
Auzotarrek publikoa den eraikin bati erabilera auzotarra emate da asmoa, Andatzan parte hartzea sustatzea. Auzotarren arteko elkartasuna mantentzeko eta sustatzeko aukera ona dela irizten dio Iturainek. Udalak baldintza bakarra jarri du, eraikinak publikotasunean jarraitu beharko duela.
58 urte dituen eraikina
Eskolako planoen arabera, eskola egiteko lanak orain dela 58 urte hasi ziren. Garai hartan Andatzan bakarrik Aristerrazu, eliza eta Olaetxe zeuden. Belardia besterik ez zegoen eta eskolak Aristerrazun jasotzen ziren.
Planoak egin eta urte betera hasi ziren eskolaren obrarekin. Harria, auzoko mendi batetik hartu zuten; hormigoia, han bertan egin zuten eta egurra ere erabili zuten. Lanak bukatu bezain pronto hasi ziren eskolak ematen.