Urdanetako festetan San Martin Eguna

Karkara 2014ko aza. 11a, 09:31

Larunbatean hasi zituzten festak. Atzo atseden eguna izan zuten, baina, gaur, egun handia da, San Martin Eguna.

Larunbatean ume jolasekin eman zien hasiera Urdanetako San Martin Jaiei. Lasturgo pottokak eta zezenak izan zituzten arratsaldean eta gauean, 21:00etan, herri afaria izan zuten. Afalostean bertso saioa izan zen frontoian eta erromeria Izer eta Alabierren eskutik.

11:30eko meza nagusiko kanpainekin esnatu zen Urdaneta igandean. Hamabietan palaz binakako pilota partiduen finalak izan ziren; 13:00etan, herri kirolak; ondoren, auzoko helduen bazkaria; bazkalostean, bertso saioa eta arratsaldean kalejira eta erromeria.

Asteartea, San Martin Eguna

11:00etan meza nagusia izango da. Ondoren, bazkal aurretik, auzokoen artean egindako tortilla patata lehiaketa izango da. 12:00etan auzotarren artean egindako herri kirolak txapelketa izango da. Trontza, txingak, lokotsak, zaku-karrerak... denetarik egin beharko dute Ostolaza eta Andonegi trikitilariek girotuta. Gauean, 22:30ak aldera, Ximor tabernan berriz ere lanean jarriko dira trikitilariak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide