Txapela ez da ez Aian ez Orion geratu

Karkara 2014ko aza. 6a, 09:46

Plazetan dabiltzan idi-pare hoberenak aurrez aurre izan dira Aian.  XIII. Kintopeko Idi probak jokatu dira eta Gaztelu Iturgintzak eraman du txapela. 

70 plaza eginda, Aizkoitiko Isidro erretegiak ezarri zuen langa azken egunari begira. Azaroaren 4an, asteartean, zen azken proba. Plazetan dabiltzan hoberenak nor baino nor: Lopategi, Oliden eta Gaztelu Iturgintza.

Oriotarrak ezin izan zuen 70 plazatako ezarrita zegoen muga igaro; beste biak, ordea, bai. Lopategik 73 plaza lortu zituen eta Gaztelu Iturgintzak 75. Zaldibiakoa izan zen, hortaz, XIII. Kintopeko Idi probetako txapelduna. Oliden oriotarrak 65 plaza, 7 zinta eta 2,76 metro lortuta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Bi aiar ere baziren lehian; Izeta eta J.M Izeta. 60 plaza, 3 zinta eta 1,12 metrorekin seigarren geratu zen bata eta bestea hamaikagarren sailkatu zen 46 plaza, 5 zinta eta 1,62 metrorekin.

Ohiko legez, jendetza bildu zen Aiako probalekuan. Gainera, azken egunean zeuden lehiakideak eta Isidrok egindako marka dotoreak jendearen ikusmina sortu zuen. Harmailak lepo, 500 pertsona inguru, eta probalekuan kalitate ugari. Azkenean Zaldibiako Gaztelu Iturgintza izan zen garaile.

Sailkapen orokorra

Gaztelu Iturgintza  75 plaza
Iñaki Lopategi 73 plaza
Isidro Erretegia 70 plaza eta 2,36 metro
Iñaki Oliden 65 plaza, 7 zinta eta 2,76 metro
Altzubarren 64 plaza
Izeta 60 plaza, 3 zinta eta 1,12 metro
Mintegi 59 plaza, 2 zinta eta 0,56 metro
Taberna Goieta 59 plaza eta 1,62 metro
Miranda 58 plaza
Matxain 55 plaza, 2 zintaeta 1,55 metro
J.M Izeta  60 plaza, 3 zinta eta 1,12 metro
Patxi Irarreta 35 plaza, 2 zinta eta 2,07 metro

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide