Maialen Mancisidor: "Besteak ezkondu zirenean sartu ginen gu"

Karkara 2014ko aza. 6a, 16:30

Laru batean hasiko dira Urdaneta auzoko festak. Jende ugari biltzen den arren, festak sei laguneko taldeak antolatzen ditu, tartean, Maialen Mancisidorrek.

Gazteek antolatzen dituzue festak.

Sei gara elkartzen garen gazteak. Dena den, ni naiz gidaritza eramaten duena, besteek lana egiten baitute eta ez baitaukate nik adina denbora.

Ez al da lan gehigi bakarrik egiteko?

Azkenean uneoro daukazu besteen laguntza. Nik daramat antolakuntzaren zama handiena, baina guztion artean egiten ditugu festak. Erabaki bat hartu baino lehen berekin egiaztatzen dut ea egokiena den ala ez.

Guztion artean eta guztiontzat egindako festa al da?

Haur, gazte zein helduentzat. 

Egun ugari ditu...

Bai, larunbat honetan hasten da, bihar, eta datorren igandean amaitzen dira. Tartean, asteartean, San Martin eguna tokatzen da. Hortaz, festa egun ugari izango ditugu: larunbata, igandea, asteartea, ostirala, larunbata eta igandea.

Nola hasiko dituzue San Martinak?

Festei hasiera emateko ume jolasak izango ditugu.  Ondoren, lasturgo pottokak eta zezenak ere egongo dira, giroa animatzeko. Eta gozo-gozo amaitzeko txokolate beroa eta bizkotxoa banatuko ditugu. Gauean, ohi bezala, parranda egongo da. Herri afaria lehendabizi, bertso saioa afalostean eta, gero, erromeria.

Erromeriak ia egunero izango dituzue ezta?

Larunbatean Izer eta Alabier izango dira festei hasiera emateko. Igandean Laja eta Lutxurio egongo dira; asteartean, Ostolaza eta Andonegi; larunbatean, Narbaiza eta Laja; eta igandean, Astiazaran anaiak. 

Zer gehiago izango da?

Lehenengo egunean umeek hartuko dute Urdaneta auzoa, beren eguna izango da. Igandean herri kirolak, nagusien bazkaria, bertso saioa eta kalejira ere egongo dira. Asteartean ere herri kirolak izango ditugu, baina, oraingo honetan, auzotarrek hartuko dugu parte. Ostiralean mus txapelketa izango da eta larunbatean, goizeko dianak jotzen duenean, oilaskoak biltzera joango gara. Bildutako oilaskoekin auzo afaria egongo dugu eta igandean herri kirolez gozatzeko aukera izango dugu: aizkolariak, harri-jasotzaileak, demak... denetarik izango dugu!

Zenbat urte daramatzazu festak antolatzen?

Hiru urte daramatzat antolakuntzan, lehenago beste gazte kuadrila batek antolatzen zituen festak. Horiek ezkondu zirenean sartu ginen gu.

Ezkontzean ematen diezue testigua ondorengoei?

Baietz esan daiteke.

Giro aldetik, jende ugari biltzen al zarete?

Udarneta auzoan 100 pertsona inguru bizi gara. Auzotarrok asko maite ditugu festak eta estimu handia diegu. Halaber, kanpotik ere etortzen da jendea.

Gauean ala goizean?

Batez ere gauean. Dena den, egunean zehar ere gerturatzen dira herri kirolak eta horrelakoak ikustera. Giro ona egoten da oso!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide