Ezer ez da berdin Eskozian galdeketa egin ondoren

Karkara 2014ko urr. 10a, 10:33

Pat Cowie Eskozian jaio eta Aian bizi da. Erreferendumaren egunean, ordea, Eskozian zegoen, Edinburgon. Lehen pertsonan bizi zituen erreferendumaren bezpera eta biharamuna, hona etorri eta horien gainean idatzi du

Zerua goibel zegoela esnatu  nintzen Eskoziako erreferendumaren biharamuneko isiltasunean, Edinburghen. Batzuk pozik, beste batzuk txundituta, baina ia denak isilik. Aurreko egunean, botoa emateko egunean, giro berezia sumatzen zen kalean, zirraragarria, benetan. Normalean baino jende gehiago ikusten zen kalean, askok botoa emateko paperak eskuan zituztela. Baina gehien harritu ninduena izan zen, hirietan jendeak normalean ez baitizu begietara begiratzen kalean, egun  hartan bai, begiratu eta Eman dut botoa, eta zuk? galdetzen zizutela. Ba, nik ez, han bizi ez naizelako, baina haiek bai, eman zuten.

 

Parte-hartze handia

Erreferendumaren ezaugarri garrantzitsuetako bat horixe izan da, hain zuzen ere: botoa eman zezaketenetatik %97k izena eman zuela hautesleen zerrendan, eta %85ak eman zuela botoa 2014ko irailaren 18an, marka guztiak hautsita. Izan ere, aurretik, deboluzioaren gaineko erreferendum bat egin zen Eskozian, 1979an, eta baiezkoek botoen %52 lortu zuten, baina legez botoa eman zezaketenen %40ak eman behar zuen aldeko botoa emaitza lotzaile izateko, eta ez ziren %40 horretara iritsi. Hortaz, ez zen zuzenean deboluzio gehiagorik lortu. Geroxeago, 1999an, sortu zen Eskoziako Parlamentua, eta gaur arteko bidean hauxe izan da bizi izan duen momenturik garrantzitsuena. Oraingoan, independentziaren aldekoak, inkestatan, ezezkoen atzean hasi baziren ere, %23ko aldearekin, erreferenduma egin baino astebete lehenago, baiezkoak aurre hartu zion ezezkoari. Orduantxe azaldu ziren Westminsterreko parlamentuko alderdi guztiak promesa gozoekin, Eskozia Erresuma Batuan geldituko balitz, jakina. Zergatik ez ote zuten urtebete lehenago esan? Ez zutelako sinesten independentziaren aldekoak garaipena lortzeko gauza zirenik.  

YES ala NO: ikuspuntu desberdinetatik abiatu ziren

Alde askotatik aipatu da Hobeto Elkarrekin ekimenaren NO kanpaina gaizki bideratu zela. Ikuspuntu ezkorretik abiatu zuten: mehatxuak, beldurra sortzeko ahaleginak, harrotasunetik egindako probokazioak… Ez ziren gauza izan Erresumako nazioek elkarrekin jarraitzeko alde baikorrak aipatzeko ere. Eta badaude, jakina: gizartearen pluraltasuna, kultur dibertsitatea, BBCren zerbitzuak, eta beste hamaika. Baina independentziaren aldeko YES kanpaina askoz ere biziagoa eta pizgarriagoa izan zen, eta izugarrizko lorpena izan zen herri mailan egin zuen lana grassroots mugimendu indartsua aktibatzeko. Grass roots belarraren erroak dira, eta erreferendumaren zutabe garrantzitsuetako bat osatu du aldeko lana egin zuen jende xumeak. Azkenean, ez zen politika egitea, ez alderdikerietan aritzea, baizik eta jende arruntak sentitzea erabakia eta etorkizuna bere eskuetan zela. Inoiz politikan interesik izan ez duten asko hasi ziren mugitzen, etxez etxe joaten, kaleko ekintzak antolatzen…  

 

Zeinekin lerrokatu?

Eskozia Erresuma Batuaren aurretik izan da beti justizia sozialari dagokionez. Horren ondorioz, laboristak –ezkerra–, aspalditik, eta Eskoziako Alderdi Nazionalekoak –Scottish National Party, SNP–, azken urteotan, izan dira Westminsterreko zein Eskoziako parlamentuetako ordezkari gehienak, kontserbadoreek ia ez baitute leku politikorik Eskozian. Baina erreferendum bat ez da hauteskunde bat. Erresuma Batuko kontserbadoreek –eskuina–, laboristek eta liberal demokratek eskuak elkarri emanda joan dira, Erresumaren alde eginez, eta kontra izan dituzte, berriz, SNP, Berdeak, Independentziaren Kanpaina Erradikala eta Independentziaren Aldeko Emakumeak, besteak beste. Horri heldu dio, hain zuzen ere, Alex Salmondek, Eskoziaren Lehen Ministroak, NO kanpainari erasotzeko: nolatan joan dira laboristak kontserbadoreei eskua emanda, laboristek justizia sozialari, hezkuntzari, zerbitzu sozialei, immigranteen egoerari… ematen badiete lehentasuna eta kontserbadoreek, ordea, establishmentari, diru gehiago dutenei, bankuen eta industrien jabeei eta botereei? Azken momentuan, YES kanpainak aurrea hartu zuela ikusita,  Westminsterreko alderdi guztien liderrak joan ziren korrika Eskoziara eguna pasatzera, eta Gordon Brown, laboristen lider ohia eta eskoziarra bidali zuten deboluzioko gaiez osatutako eta presaka asmatutako gozokia eskaintzera. Dei hunkigarria egin zuen, batasuna ez hausteko mezuarekin, YESi botoa emanda Eskoziak bere buruaz beste egingo zuela esanez, eta, badirudi, neurri batean, eraginkorra izan zela. Dudan zeuden askok pentsatu omen zuten: agindutako botereak lortuz gero, eta denbora gutxi barru, zertarako banandu?

 

Botere gehiago Eskoziarentzat?

Salmondek erreferendumean sartu nahi zuen galdera bikoitza, deboluzio maximoa edo independentzia osoa nahi ote zuen jendeak, ez zuen onartu Cameronek, Erresuma Batuko lehen ministroak, deboluzioaren aldekoek irabaziko zutela pentsatuz. Erresumaren aldekoentzat seguruago zen independentzia osoa debatitzea, ziur baitziren ezezkoak irabaziko lukeela horrela galdetuta. Baina, azkenean, Westminsterrek presaka eta ondo prestatu gabe agindu behar izan dio Eskoziari lehen berak alboratutako ‘devolution-max’.

Agindu, bai, baina eman, ez dakit. Biharamunetik aurrera, gero eta nahasiago gelditzen ari da agindutakoa nola eta noiz gauzatuko den. Laboristek ez badute postu gehiago galdu nahi SNPren onerako  Westminster osatzeko hauteskunde orokorretan, 2015ean, eta  Eskoziako parlamentua osatzeko hauteskundeetan, 2016an,  exijitu beharko dute  agindutako deboluzioa zorrotz gauzatzea datozen hilabeteotan. Ironikoa da ikustea YESek ez duela lortu lortu nahi zuen aldaketa, baina emaitzen ondorioz, ziurrena, Erresuma Batuko konstituzioa eta politikari ingelesen posizioa betiko aldatuko direla. Azken momentuko promesak ikusi bezain pronto, Ingalaterrako parlamentari asko altxatu dira botere horiek parlamentari eskoziarren eskuetan jartzea ez zaielako zilegi iruditzen, haiek ere ez badute kontrol berbera izango Ingalaterran. Cameron hasi da bi gaiak eta aldaketak egiteko epeak lotzen, baina agindutakoa ez zegoen beste ezerekin lotuta. Beraz, Eskoziako botereak handitzea horrela baldintzatzen bada, edo Erresuma Batuko konstituzioa hilabete gutxitan aldatu beharko da –ia ezinekoa dena, halako gai garrantzitsua ezin baita presaka egin– edo hurrengo hauteskundeak egiten direnerako eskoziarrek garbi ikusiko dute engainu bat izan dela, eta laboristek boto gehiago utziko dituzte independentisten eskuetan eta independentzia osoa lortzeko beste ahalegin bat jorratzen hasiko da Eskozian. Izan ere, kontuan hartzekoa da 18 egin behar direla, normalean, botoa emateko, baina erreferendumean 16-17 urtekoek ere eman zuten, eta YESaren alde zeuden horietako gehienak. Gogoz inpilikatu ziren gazteak zein ikastetxe gehienak, eta gazte horiek datozen hauteskundeetan botoa emateko edadera hurbilduko dira,  botoa berriro erabiltzeko grinarekin.

 

Boto-emaileen profila

NO kanpainak %55 lortu zuen azkenean, garaipen garbia eta onartu behar dena. Boto-emaileen profila orokortzeko, edadekoak, diruz eroso daudenak, emakumeak eta berez eskoziarrak ez direnak baina gutxienez 3 urte bertan bizi izan direnak ziren ezetzaren aldekoak, aldaketa nahi ez eta status quoa mantendu nahi zutenak. YESaren aldeko boto gehiago eman zuten zailtasun ekonomikoa duten herritarrek eta gazteek. Horrez gain, asko aipatu da ‘gehiengo isila’, hau da, inkestetan azaldu ez baina ezezko botoa emateko asmoa zuen talde handi bat. Emaitzak ikusita, aitortu behar zaio talde horri izan duen eragina, eta interesantea izango da ikustea Katalunian ere halakorik badagoen, zeren Eskozian, behintzat, ezezkoen aldekoak kontrakoak bezainbeste ikusi eta entzuten ziren, baina Katalunian ez, nahiz eta asko izango diren, agian. Oso zaila da jakitea ‘isilak’ zenbat diren, are gehiago debeku bat dagoenean tartean.

 

Ekonomia gertutik kudeatzea

Kanpaina osoan debate asko ekonomiaren gainean eraiki ziren, hain zuzen ere, baina ez betiko alderdien ikuspuntutik. Herritar asko aspertuta, nekatuta eta haserre dago botere handien bidea ikusita. Herritarrengandik gertu dagoen parlamentua nahi dute bertan sortutako aberastasunarekin eta bildutako zergekin gastuak kudeatzeko. Zergak, pentsioak, produktibitatea… direla eta, nire ustez, akats bat izan da Alderdi Nazionalistaren partetik, etorkizunean izango diren zailtasun ekonomikoak ez aitortzea. Jakina zailtasunak izango direla, baina azpimarratu behar zituzten ordezkariak eta kudeaketa gertukoa izatearen alde onak. Independentzia aukeratzeko argumenturik indartsuena, akaso, hori da niretzat. Garbi ikusten da Europan zein herrik lortu duten prosperitatea, justizia sozial handia eta ordezkarienganako konfiantza, eta denak txikiak dira: Suedia, Norvegia, Danimarka, Herbehereak, Austria, Suitza eta Finlandia. Eskozia askotan ahaztuta sentitu da Westminsterreko parlamentuan, eta Erresumako zamak askotan galarazi dio bertako beharrei erantzutea. Azken urteetan jasandako krisiak garbiago erakutsi du boteredun estatuen kontrola eta interesak nola banatzen dituzten. Ulergarria da halako egoeretan nazio txikiak independentziara jotzea. Nahiago dute kohesio sozial eta kultural handiagoa duen herri bat noraezean dabilen eta berea sentitzen ez duten bat baino. Eskoziak dituen errekurtsoekin eta energia berriztagarria sortzeko daukan izugarrizko gaitasunarekin aipatutako herriek bezala lor dezake egonkortasun ekonomikoa. Estatu erraldoietan elite politikoak interes ekonomiko boteredunekin oheratzen dira, eta Erresuma Batuko establishment elitista eta askotan atzerakoia, zer esanik ez. Gertuko parlamentu batek, ordea, azkar hartu ditzake erabakiak aldatzen ari den egoera baten aurrean. YES botoarekin lortuko zutelakoan zeuden asko, baina badirudi gehienek ez zutela horrela ikusten. 

 

Beldurra

Beldurrak eragin handia izan zuen bi aldeen kanpainetan. Cameronek, Westminsterren izenean, bankuko eta enpresa handiko bozeramaileak erreklutatu zituen beldurra hedatzeko, lanpostuak galduko zirela eta Eskoziatik alde egingo zutela mehatxatuz. Horrekin batera, normala da jendeak beldurra sentitzea izugarrizko aldaketa baten aurrean, eta SNPk eta independentziaren aldeko guztiek bazekiten hori gainditzen lagundu behar zutela. Baina SNPk ere monarkia eta libra esterlina mantentzeko promesa egin zuen, botoak galtzeko beldurrak behartuta. Ekonomiaren gaineko argumentuak ziren Salmonden puntu ahula debateetan, eta Hobeto Elkarrekin-ekoek aprobetxatu zuten beldurra hedatzeko. Salmondek, berriz, ez zuen ondo aprobetxatu Trident arma nuklearra Eskoziatik kentzeko asmoa, nahiz eta jakin ikaragarrizko dirutza libratuko zutela gizartean inbertitzeko. Akaso, adinekoen artean irla armez babesteko beharra bizirik dirau oraindik.

 

Jendearen interesa piztu egin da

Gehienek oraindik Erresuma batuta ikusi nahi badute ere, dena ez da egun bateko erabakiarekin bukatzen. Baikor sentitzen naiz pasa denaren aurrean. Aurretik ezin zen imajinatu nola piztuko zen jendearen interesa eta gogoa. Zer nahi duen eta zer ez serio galdetu dio bere buruari. Politikan inolako interesik inoiz izan ez dutenek sentitu dute posible zela beren etorkizunaren diseinatzaile izatea. Are gehiago, irailaren 18tik gaurdaino Alderdi Nazionalaren bazkide kopurua hirukoiztu egin da; Eskoziako Berdeek dituzten bi parlamentariek lortutako botoak baino eragin gehiago izan dute kanpainan, eta horiek ere hirukoiztu dute bazkide kopurua; eta Independentziaren aldeko Kanpaina Erradikaleko kideek jarraitzen dute elkartzen, Independentziaren Aldeko Emakumeak egiten ari diren bezala, etorkizunean nola jokatuko duten erabakitzeko. YESaren aldekoen lana orain izango da piztutako interesa aurrera eramatea, jendea pasibotasunera ez bueltatzeko. Akaso alderdi berriren bat sortuko da, eta logikoa litzateke, Alex Salmond-ek berak esan zuena lekuko: Hau guztia ez da Eskoziako Alderdi Nazionalaren kontu bat, eskoziarren kontua baizik, eta eskoziarrek erabakiko dute etorkizunean zein alderdiri eman botoa. Gainera, NO kanpainari babes eman eta Eskoziako parlamentuan aritzen direnek garbi erakutsi beharko dute eskoziarren alde aritzen ari direla eta promesak egia bihurtu behar direla, bestela, berenak egin du Eskozian. Laboristek terrenoa galtzen badute Eskozian, logikoa litzateke ezker aldeko beste alderdi batek forma hartzea. 

 

Salmond helmugara iritsita

Biharamuneko tristura are mingarriagoa izan zen YESaren aldekoentzat, bai eta beste koloreko askorentzat ere, hedabideetan aitortu zuten bezala, Alex Salmondek postua uzteko asmoa iragarri zuenean. Orain dela 30 bat urte, SNPn sartu zenean, alderdia ez zen ezer, ia-ia barre egiteko gai bat barruan ez zeudenentzat. Ikaragarrizko bidea egin ondoren, oinarrizkoena lortu du: Eskoziak bere ahotsa aurkitu du. Komunikabide askotan islatu dute Salmondek lideratu zuen kanpainaren lorpena: YESak irabazi du kanpaina baina galdeketa galdu; Azken borroka galdu du SNPk baina gerra irabazi. Eta Salmonden beraren hitzak esanguratsuak ziren: Erreferenduma galdu dugu baina geurea da iniziatiba politikoa. Kanpainak jarraitzen du eta ametsa inoiz ez da hilko.

 

Etorkizuna

Ez dut uste independentzia aukeratzeko hurrengo aukera hain urruti egongo denik. Gauzak mugitu dira, inoiz ez da egon oraingoa adinako parte-hartze politikoa. Posible da jendea betiko kezketara edo interes faltara bueltatzea, ezin baita aurreneko lerroan borroka egin nekatu gabe, baina oso garrantzitsua den zerbait aldatu delakoan nago.  Deboluzio zabala lortzen bada Eskozian, horrekin konforme egongo da gehiena, akaso, baina beti izango dute Erresuma Batuaren zama gainean. Beraz, datozen bi urteak oso interesanteak eta erabakigarriak izango dira. Mundua osoa begira egon da, eta askori hasperen bat irten zaio emaitzak ikusita. Beste batzuk demokraziaren gaineko leziotzat hartu dute.

Nicola Sturgeon, azken urteotan Salmonden alboan izan den SNPko politikaria, posizio onean dago eskoziarrentzako botereak exijitzeko, eta lortu nahiko du Erresuma Batuko alderdiek eman nahi dutena baino askoz gehiago. Eskozian batzuk kontent daude lortutakoarekin, baina askotan entzuten ziren bi komentarioak gelditu zaizkit buruan. Botoa eman baino lehen: I’ve waited all my life for this. –Bizitza osoan egon naiz honen zain.– Zenbaketa egin ondoren: I’m gutted. Seko jota nago. Ondo ulertzen nien egun goibel horretan. Baina aurreneko pauso inportante bat baino ez dela izan nago. Historiak esango digu badugun zer ospatu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide