Hodeirik ez, urdin-urdin dago zerua. Eguzkia gogor jotzen du. Arratsaldeko 16:00ak dira iraileko lehen ostiralean. Aiako igerilekuan bazkalosteko kafea hartzen dabiltza, lau mahai inguru daude hartuta eta beste lau bat ume uretan, jolasean.
Oporrak bukatzean hasi da uda; eguraldi ona irailarekin batera etorri da. Aiako igerilekuan nabaria izan da eguraldiaren eragina, salmentak asko jaitsi baitira uda honetan. Aldagai bakarra ez da eguzki falta izan, baina egia da horrek gogor jo gaituela, aitortu du Pili Azpirozek.
Eguraldia, krisia eta Asteasuko igerileku berria. Irailean eguraldi ona egiten hasi duen arren, jendea jada ez da igerilekura etortzen. Lanera bueltatzean errutinan sartzen da jendea, eta txipa aldatzen du, azaldu du eta gaineratu du: batzuetan irailean ere irekitzeko esaten digute, baina gero jendea ez da etortzen, haurrak ikastetxean eta gurasoak lanean hasten baitira.
Bost euro balio du sarrerak. Krisia gurean sartuta dagoela kontuan izanik, ez da merkea, aitortu du Azpirozek. Aiako igerilekura familiak bertaratzen dira, haurrak dituzten guraso gazteak batik bat. Eguneko plana egiteko pertsona bakoitzak bost euro ordaindu behar ditu eta batzuek ezin dute hori onartu.
Asteasuko igerilekua irikitzeak ere eragina izan zuen gurean. Lehen jende eta familia asko etortzen ziren bertatik eta inguruetako herrietatik. Duela lau urte, 2010ean, ireki zituen ateak Asteasuko igerilekuak. Ordutik asko jaitsi da Aiako pistinako bisitari kopurua.
Hiru aldagai horiek eragin zuzena izan dute aurtengo udan Aiako igerilekuan: eguraldia, krisia eta Asteasuko igerilekua. Guztira 700 heldu eta 700 haur inguru izan dira aurtengoan bertaratu direnak, 1400 denera.