Plaza bete bertso

Karkara 2014ko uzt. 28a, 10:01

Jendetza bildu zen Santio auzoko bertso saioan Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Anjel Mari Peñagarikano entzuteko

Plaza gozatu zuten bertaratutako gutziek, entzulez bete baitzen Santio Erreka auzoko frontoia. Bertsotan, boskotea: Anjel Mari Peñagarikano, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Lanean hasi baino lehen, agur bana bota zuten.

Jon Agirresarobe izan zen, Egañaren ordez, gai jartzaile. Berak agindutakoa betetzen ibili ziren, ia bi orduz, bertsolariak.

Aia eta Orio, Orio eta Aia

Estropadek ere izan zuten tokia bertso saioan. Oriok kontxako bandera ekartzeko traineruan aiarren bat behar duela aipatu zuten; askotan gertatu da, Oriok kontxa irabaztean aiarra tartean izatea. Aurten, talde ona du Oriok, baina ez da aiarrik lehendabiziko traineruan. Ba al du Kontxa irabazteko aukerarik Oriok?

Hori gai hartuta ibili ziren bertsotan Peñagarikano eta Colina.

 

Festei jarraipena twitterren

Erromeri doinuekin hasi ziren Aiako Santio festak. 25ean mezarekin hasi zen eguna, jarraian zaharren hamaiketakoa izan zen eta gero herri kirolak. Gauean bertsolariak izan ziren, eta bertsoen kantuen ostean Kupela erromeri taldeak girotu zuen plaza. Uztailaren 26an, larunbatean, haurrek hartu zuten plaza goizean. Ume jolasen ondoren mus txapelketa egin zen, arratsaldeko 16:00etan. Gauean Abiba diskofesta egon zen.

Lehenengo egunean oilaskoak bildu zituzten aiarrek. 30ean, asteazkenean, oilasko horiek jango dituzte. Afariaren ostean DJa egongo da Santio Erreka auzoko plazan, DJ Ibon. Horrela emango diote amaiera jaiari, tripa ondo beteta eta DJarekin dantzan.

Gertatutakoaren jarraipena egin zaio twitterren, #Santiyo2014 traola erabilita. Oraindik egingo direnak ere traola horren pean bilduko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide