Izeta III Gipuzkoako txapeldun

Karkara 2014ko uzt. 7a, 12:26

gara.net

Ostolazarekin lehia bizia izan zuen Izeta III aiarrak, baina azkenean txapela berak eraman zuen eta gipuzkoako txapeldun izendatu zen. Aimar Galarraga oriotarrak ere hartu zuen parte

Aimar Irigoien zen faborito. Azken orduko arazoak medio, errezildarrak kale egin zuen; Irigoien ez zen Usurbilen jokatu zen Gipuzkoako Txapelketan izan. Halaber, aurkari handiak izan zituen aurrean Izetak, Ostolatza esaterako. Bien arteko lehia ikusgarria izan zen, hasiera-hasieratik sekulako borroka izan zuten lehen postua eskuratzeko.

Kirolari bakoitzak hiru harri jaso behar zituen: 125 kiloko kopa, 112.5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Hiru minutuko txandak zituen harri-jasotzaile bakoitzak harri bakoitzeko. Lehen harriarekin aiarrak 30 jasoaldi egin zituen eta Ostolatzak 29, bat gutxiago. Bigarrenarekin Ostolatzak Izetak baino jasoaldi bat gehiago egin zuen.

Azken lanean erabaki zen guztia, 100 kiloko bolan. Izeta III.ak 26 jasoaldi egin zituen eta Ostolatzak bat gutxiago. Sailkapen nagusian Izetak aurrea hartu zion Ostolatzari eta garaipena eskuratu zuen. Pozik zegoen oso aiarra, ilusioz gainezka.

Aimar Galarragak ere parte hartu zuen txapelketan. 125 kiloko harriari 23 jasoaldi eman zizkion; 112.5 kiloko kubikoari hamaika jasoaldi eta bolari 15 jasoaldi. Hirugarren postua eskruatzeko lehia ere handia izan zen Telleria eta Ugarmendiaren artean. Azkenik Telleria geratu zen postuarekin; ondoren, Ugartemendia laugarren; eta azkenik, Aimar Galarraga oriotarra.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide